GAURKOTASUNA

Talentua erakartzea lehentasunezko erronka Gipuzkoako elikadura kateko enpresentzat

I-Talent Food proiektuaren esparruan egindako azterketaren arabera, Gipuzkoako ia elikagai-enpresa guztiek zailtasunak dituzte langileak kontratatzeko. Enpresek gehien eskatzen dituzten lanpostuak komertzialak, mantentze-lanetako teknikariak eta produkzioko eta logistikako langileak dira

Gipuzkoako elikaduraren balio-kateko enpresen % 96,8ak adierazi du zailtasunak izan dituela azken hilabeteetan langileak kontratatzeko. Hori ondorioztatzen da lurraldeko hogeita hamar enpresa baino gehiagori egindako elkarrizketetatik. Enpresa horiek, oro har, elikagaien sektoreak Gipuzkoan sortzen duen enpleguaren % 92 osatzen dute. Inkesta horiek I-Talent Food proiektuaren barruan egin dira. Proiektu hori BASQUE FOOD CLUSTERek gauzatzen du, Gipuzkoako elikagaien sektoreak talentua erakartzeko eta fidelizatzeko duen gaitasuna hobetzeko —Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko Departamentuak sustatu eta finantzatu du—.

Datuak astearte honetan aurkeztu dira, enpresen artean Employer Branding estrategiak hobetzea bultzatzeko Donostian egindako jardunaldi profesional batean. Isaac Martín Ametller Origeneko Giza Baliabideen zuzendariak parte hartu du. Kataluniako elikadura-banaketako talde horrek ia 3.500 langile ditu, eta lan egiteko enpresa erakargarrienen Merco 2023 azterlanean sartu da.

Halaber, saioan erronka demografikoa eta enpleguan duen eragin handia aztertu dira, biztanleriaren zahartzearen ondorioz batez ere. Horrela, Prospektikerrek egindako azterlan bat aurkeztu da. Bertan adierazten denez, Euskadi osoan gertatzen den bezala, Gipuzkoako elikagaien sektoreko lau langiletik batek erretiroa hartzeko adina izango du datozen hamar urteetan. Egoera horri aurre egiteko, enpresen ustez, sektorean enplegua % 12,4 haziko da. Aurreikuspen hori moderatua da, izan ere azken bost urteetan % 33 inguru hazi da.

Hala ere, ia enpresa guztiak (% 96,8) zailtasunak ari dira izaten langileak kontratatzeko eta dagoeneko gainean dugun belaunaldien arteko errelebuari ekiteko. Arrazoi nagusien artean, ordutegia eta egutegia aipatzen dira elementu garrantzitsu gisa, bai eta kualifikazio-profil berberengatik beste sektore batzuekin dagoen lehia ere, metalarekin, besteak beste. Elikadura-enpresek gehien eskatzen dituzten lanpostuei dagokienez, hauek nabarmentzen dira: komertzialak (marketina), mantentze-lanetako teknikariak (elektromekanika, elektrizitatea, etab.) eta produkzioko eta logistikako langileak (biltegia eta garraioa).

 

INTERESATZEN ZAIZU...