GAURKOTASUNA

SWEETS GLOBAL NETWORKek Gipuzkoa bisitatu du eta BASQUE FOOD CLUSTEReko enpresekin bildu da

Joan den astean, SWEETS GLOBAL NETWORK e. V. gozokien eta aperitiboen sektoreari lotutako elkarteko ia 30 enpresaburu alemanek osatutako ordezkaritza bat Gipuzkoan izan zen bi egunez. Bisitaren helburua lurraldeko elikagaigintza-enpresen sarea bertatik bertara ezagutzea eta sektoreko enpresekin esperientziak partekatzea izan zen.

Bisitaren barruan, BASQUE FOOD CLUSTERrek lan-saio bat antolatu zuen Alemaniako merkatua eta, bereziki, herrialdeko txikizkako merkataritza hobeto ezagutzeko interesa zuten enpresa bazkideekin.

Topaketan, Alemaniako merkatuan eskarmentu handia duten profesionalekin iritziak trukatzeko aukera izan zen. Halaber, merkatu horren berezitasunak bertatik bertara ezagutu eta banaketari, kontsumo-joerei eta elikadura-enpresentzat sor daitezkeen merkataritza-aukerei buruz hitz egin zuten.

Gainera, klusterreko enpresa bazkideek beren jarduera, produktuak eta zerbitzuak aurkeztu zizkioten Alemaniako ordezkaritzari. Horri esker, bi aldeek elkar hobeto ezagutu eta lankidetzarako aukerak antzeman ahal izan zituzten. Lan-saioan Urkabe Benetan, Sin Ley, Salva, ULMA Inoxtruck, TOB Strategy, Biolan eta Alasature enpresek parte hartu zuten.

4 1

Agenda osatzeko, BASQUE FOOD CLUSTEReko hainbat enpresa bazkide bisitatu zituen ordezkaritzak. Bisita horien bidez, euskal elikagaigintzako jarduera eta negozio-eredu ugari ezagutu ahal izan zituen.

Geldialdietako bat Casa Eceiza izan zen, Lizartzan. Enpresa hori gozogintzako eta pastelgintzako produktuak egiten eta merkaturatzen espezializatuta dago. Ordezkaritzak gertutik ezagutu zituen haren produktu-eskaintza eta ibilbidea, baita produktu berriak garatzean tradizioa eta berrikuntza uztartzeko egiten duen apustua ere.

5 1

Alemaniako enpresaburuak Zumaiara ere joan ziren, OKINen lantegia ezagutzera. Bertan, enpresaren industria-jarduera bertatik bertara ikusi zuten, baita instalazioak, ekoizpen-prozesuak eta okintzarako eskaintzen duen soluzio sorta ere.

6 1

Ibilbidearen barruan, EROSKIk Urbil merkataritza-gunean duen hipermerkatua ere bisitatu zuten, Usurbilen. Horrela, lan-saioan landutako zenbait gai saltokian bertan ikusi ahal izan zituzten. Ordezkaritzak EROSKIren merkataritza-proposamena eta produktuen kategorien antolaketa ezagutu zituen, baita gure inguruko elikagaien txikizkako merkataritzak nola funtzionatzen duen ere.

7 1

Enpresetara egindako bisitez gain, ordezkaritzak euskal kultura gastronomikoa ezagutzeko aukera ere izan zuen HIKA upategian eta Petritegi sagardotegian, biak ala biak BASQUE FOOD CLUSTEReko enpresa bazkideak. Esperientzia horiei esker, agenda profesionala osatu eta lurraldeko gastronomia, produktuak eta tradizioak hobeto ezagutu zituzten.

Horrenbestez, bisitak euskal elikagaien balio-katearen ikuspegi zabal eta osagarria eskaini zuen, ekoizpenetik eta elaboraziotik hasi eta merkaturatze, txikizkako salmenta eta gastronomiaraino. Aldi berean, enpresen arteko trukerako eta harreman berriak sortzeko guneak zabaldu zituen.

Horrelako topaketek klusterreko enpresen nazioarteko loturak sendotzen dituzte, ezagutza-trukea errazten dute eta Europako beste merkatu batzuekin harremanak eta lankidetzak sortzeko aukera berriak zabaltzen dituzte.

BASQUE FOOD CLUSTERen, gure enpresa bazkideek merkatu estrategikoei buruz duten ezagutza zabaltzeko, beren gaitasunak ezagutarazteko eta nazioarteko eragileekin harreman berriak egiteko guneak sustatzen jarraitzen dugu.

INTERESATZEN ZAIZU...