GAURKOTASUNA

SPACELOG proiektuak datuen erabilera partekatua aktibatzeko ibilbide-orri bat definitu du, Euskadin hornikuntza-kate eraginkorrago eta jasangarriagoak izateko

  • Euskadiko Mugikortasun eta Logistika Klusterrak, BASQUE FOOD CLUSTERek eta Aclima Basque Environment Cluster-ek bultzatutako proiektuak sektorearteko ekosistema finkatu du, erronkak lehenetsi ditu eta trazabilitate, efizientzia logistiko eta jasangarritasuneko pilotuak martxan jartzea bideratu du.

  • Berrogei erakunde baino gehiagok parte hartu zuten proiektua ixteko sektorearteko jardunaldian. Bertan, datu-espazioei, gobernantzari, trazabilitateari eta lankidetza-berrikuntzari buruz eztabaidatu zen.

Logistika faktore erabakigarria da gure ekonomiaren lehiakortasunerako eta industriaren ingurumen-jardunerako; izan ere, Euskadin, berotegi-efektua eragiten duten gasen emisioen % 35 merkantzien garraiotik dator. Testuinguru horretan, SPACELOG proiektuak datuen erabilera palanka partekatu bihurtzeko oinarriak ezarri ditu, operazio logistiko eta produktiboen eraginkortasun operatiboa, trazabilitatea eta jasangarritasuna hobetzeko.

SPACELOGek hainbat sektoretako erakundeen errealitate komun bati heltzen dio; prozesuak optimizatzeko informazio garrantzitsua egon badago, baina egun garrantzi mugatua du erabakiak hartzeko orduan, elkarreragingarritasun ezagatik, inbertsio teknologiko eskasagatik eta konfiantza-esparru sendo baten faltagatik. Proiektuak ibilbide-orri bat garatu du hornikuntza-kate industrialen eraldaketa digitala eta ingurumen-eraldaketa bizkortzeko. Nekazaritzako elikagaien sektorea hartu du pilotu estrategiko gisa, eta datuak partekatzeko baldintzak bermatu ditu. Horrela, modu elkarreragilean eta arau argiekin partekatu ahalko dira, eta parte-hartzaile guztiei balioa sortuko die.

SPACELOG proiektuak sektoreen arteko lankidetza-esparru bat diseinatu du, eta industria, operadore logistikoak, zentro teknologikoak eta administrazioak biltzen ditu. Horri esker, sektorekako datu-espazioetan aurrera egin ahal izango da: informazioa modu seguruan eta gobernantza komun baten baitan eskuratu, partekatu eta aztertzeko aukera izango dugu.

Betiere, datuen eta haien erabilera-baldintzen gaineko kontrolari eutsiz. Halaber, iraunkortasun erronka zehatzak antzeman dira enpresetan, hala nola ingurumen-aztarna neurtzea, alderantzizko logistika kudeatzea eta flotak elektrifikatzea. Horiei aurre egiteko, datu-espazioek oinarri teknologiko gisa funtziona dezakete.

Lankidetza proiektuak aktibatzen

Sektorearteko “SPACELOG: Datu-espazioak lankidetza-proiektuetarako” ekimenak 40 erakunde baino gehiago bildu zituen hil honetan Bilboko Iberdrola dorrean, enpresa-sarearen gaitasun teknologikoetan sakontzeko, gobernantza-ereduei buruz eztabaidatzeko eta I+G+Baren etorkizuneko deialdietarako potentziala duten lankidetza-proiektuak identifikatzeko.

Topaketan, proiektutik eratorritako aurrerapen garrantzitsuak aztertu ziren; besteak beste, hauek:

  • Alderik aldeko trazabilitaterako datu kritikoak identifikatzea, ingurumen-aztarna kalkulatzea eta ibilbideak optimizatzea.
  • Elkarreragingarritasunerako eta enpresen arteko datu-trukean konfiantza izateko oztopoak berrikustea.
  • Lehentasuna ematea berehalako pilotuak abiaraztea ahalbidetzen duten lan-lerroei; elkarlaneko logistika eta elikagai-datuen edo trenbide-multimodalitatearen espazioak, adibidez.

Jardunaldiako lan-saioei esker epe labur, ertain eta luzerako aukerak egituratu ahal izan ziren, hala nola azken miliako plataforma neutro bat garatzea eta datu partekatuen bidez kamioi hutsak murrizteko lankidetza-eredu bat garatzea.

Digitalizazio- eta jasangarritasun-agenda komun baterantz

Kluster arteko lanetan bi urte egin eta lankidetzarako aukera asko aktibatu ondoren, hiru klusterrek agenda bateratu berri bat sustatzen dute orain gai hauetako proiektuak garatzeko: digitalizazioa, datuaren gobernantza, deskarbonizazio logistikoa eta industria-jasangarritasuna. Eta helburua argi dute; Euskadiko hornidura-kateen eraldaketa bizkortzea eta Europako erreferente izatea berrikuntza jasangarrian.

ELKARTEK 2024 Elkarlaneko Ikerketa Sustatzeko Laguntza Programak finantzatzen du SPACELOG proiektua, eta bat dator RIS3 estrategiarekin eta Euskadi 2030 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Planarekin.

INTERESATZEN ZAIZU...