GAURKOTASUNA

‘Silver Food’ proiektua gomendio gida batekin eta senior kolektiboarentzako produktu inklusiboagoak merkaturatzeko proposamenekin amaituko da

Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatutako eta BASQUE FOOD CLUSTERek bultzatutako ADINBERRI estrategiaren barruko ekimenean Gipuzkoako lau enpresak parte hartu dute.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gunea aretoan aurkeztu den ‘Silver Food’ proiektuak 55 urtetik gorako pertsonentzako elikadurari buruzko gomendioen gida bat egiten lagundu du, eta produktu inklusiboagoak eta egokituagoak sortzeko eta hobetzeko hainbat proposamen egin ditu, kolektibo horren bizi-kalitatea bermatzeko. Ekimen horren bidez pertsona seniorren kontsumo lehentasunak eta erosketa ohiturak ikertu eta aztertu dira. Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatu du 2022ko ADINBERRI deialdian, eta BASQUE FOOD CLUSTERek bultzatu du.

‘Silver Food’ proiektuaren helburua pertsona seniorren premiei erantzungo dieten elikagaien eta zerbitzuen garapenean eta egokitzapenean hobetzeko arloak eta aukerak aztertzea zen. Horrela, produktu berriak garatzeko aukerak identifikatu dira, eta daudenak nola hobetu aztertu da. Proiektu horretan Gipuzkoako lau enpresa aritu dira: Ameztoi Anaiak, Angulas Aguinaga, Kaiku eta Askora.

Ekimena EAEko biztanleen herena baino gehiago (900.000 pertsona) ordezkatzen duen senior kolektiboari erantzuteko sortu zen. BASQUE FOOD CLUSTERek sustatutako ikerketa baten arabera, kontsumitzaile horiek uste zuten markek onura funtzionalak dituzten, zaporetsuagoak eta testura bigunagokoak diren eta beren beharretara egokituta dauden produktuak eskaini behar zituztela maila guztietan, packaging edo zerbitzu egokituak barne.

‘Silver Food’ programak, gainera, bigarren helburu bat ere bazuen, ADINBERRI Fundazioaren erronka handienetakoa den Silver Economyren arloan negozio-aukera berriak bultzatzera bideratuta baitago. Horrela, urtebeteko ikerketaren ondoren egin den gomendioen gida erreferentziazko dokumentua izango da elikagaien industriako beste enpresa batzuentzat, seniorrengana hobeto zuzentzen lagunduko baitie.

Gaur Donostian aurkeztu den gida horretan jasotzen denez, kolektibo horretako kontsumitzaileen % 48k beren elikadura-estiloa aldatu dute adinaren ondorioz, eta % 47k elikagai funtzionalak txertatu dituzte beren dietetan, batez ere Kaltzioan, Magnesioan eta Omegan aberasturik dauden produktuak bilatuz. Gainera, kolektibo horrek praktikotasuna eta erosotasuna bilatzen ditu erosketak egiterakoan, kezka handiagoa agertzen du kopuru justuak erosita elikagaiak alferrik ez galtzean, marka eta entseinekin leialagoak dira, eta bizitza errazagoa egingo dieten alternatibak bilatzen dituzte, hala nola, irekitzeko errazagoak diren poteak edo erosketa eramateko pisua arinduko dieten formatuak.

Beraz, azterlan horrek ondorioztatu duenez, kontsumitzaile horien beharrak, kezkak edo ardurak islatzen dira haien erosketa-erabakietan, eta, azkenean, onura funtzionalak dituzten produktuak erosten dituzte eta osagai naturalekin eginda dauden eta organolepsia hobea duten aukerak lehenesten dituzte.

 

Aztertu diren lau kasu

‘Silver Food’ proiektuak Gipuzkoako lau enpresa bultzatzaileren partaidetza izan du: Ameztoi Anaiak, Angulas Aguinaga, Kaiku eta Askora.

Ameztoi Anaiak-en kasuan, arrozesnea modu orekatuagoan birformulatzearen bideragarritasuna aztertzea izan da erronka. Proiektuari esker, azukre gutxiago  izan arren orain arteko bertsioaren zapore bikaina eta ezaguna kontserbatu duen bere postre izarrak duen onarpena egiaztatu ahal izan da.

Kaikuk, berriz, 0Km esne osoa multzokatzeko formatuaren sartze handiaz jabetuta, erreferentzia horren alderdirik baloratuenak ezagutu nahi zituen, erabilgarritasun mailan hobetzeko asmoz: formatua, pisua, tamaina, irekiera… Ikerketak 70 urtetik gorako pertsonekin elkarreraginean aritzeko aukera eman dio, eta bere produktua publiko horri hobeto egokitzea ahalbidetuko duten jarduketarako bideak kontrastatu ditu.

Ekimen horrek berrikuntza maila altua duen Angulas Aguinaga enpresari ere lagundu dio senior aktiboen elikadura ohiturak eta osagai funtzionalen garrantzia aztertzen, ondoren Omega 3 duten bi kontzeptu berriren onarpena kontrastatzeko. Proiektuari esker, publiko horren erosketa-asmoa egiaztatu ahal izan dute, bai eta ezaugarriak hobetu ere, merkatura hobeto egokitzeko.

Azkenik, egoitza-jangela eredu berritzaileak eskaintzen dituen Askorak, une honen garrantzia eta horrek egoitza-ekosistema osoan duen eragina berretsi ahal izan ditu, azterlan kualitatibo baten bidez.

 

INTERESATZEN ZAIZU...