Elikagaien balio-kateko enpresek zenbait ingurumen-eskakizun betetzeko erronkari egin behar diote aurre, eta eskakizun horietara egokitu behar dira lehiakor izaten jarraitzeko. Hori egiteko zailtasunak areagotu egiten dira ETEen kasuan, eta horietako askok arau- eta merkatu-ezarpen berriek beren jardueran zein eragin izango duten zehazteko ezagutzak eta tresnak behar dituzte. Sektorean arrakala egon ez dadin, BASQUE FOOD CLUSTERak P-CAS proiektuari ekin dio. Horren bitartez, enpresek jasangarritasunaren arloan dituzten beharrei erantzun nahi die, ETEen arau-, teknologia- eta merkatu-driver-en inguruko sentsibilizazioa, informazioa eta prestakuntza azpimarratuz.
Proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko Departamentuak sustatu eta finantzatzen du. Hori garatzeko, BASQUE FOOD CLUSTERak, ekonomia zirkularrean eta ingurumen-zaintzan espezializatutako Grunver Sostenibilidad; joerak aztertzen dituen C4E; eta kontsumitzaileen ikerketa eta azterlan estrategikoan zentratutako Across the Shopper aholkularitza-enpresen laguntza izango du.
Dauden ingurumen-araudi eta -estrategia ugariak indarrean jartzea erronka handia da enpresentzat, baina aukera berriak ere sortzen ditu. Hori dela eta, P-CASen bitartez, jasangarritasunari dagokion zaintza hirukoitzeko programa jarri nahi da abian: legezkoa, araudi berrien eta etorkizuneko araudien eta horiek elikaduraren sektorean duten aplikazioaren berri izateko; teknologikoa, aurrerapenak ezagutzeko eta enpresen beharrei erantzungo dieten ikerketa-ildoak zabaltzeko aukera izateko; eta merkatukoa, erronkak, joerak eta inspirazio iturri izango diren jardunbide egokien kasuak identifikatzeko. Horrekin, pertsonen gaitasunak garatu nahi dira, eta hautemandako lehentasunetan oinarritutako lankidetza-proiektuei forma eman, etorkizuneko erronkei aurre hartu ahal izateko.
BASQUE FOOD CLUSTERak euskal elikadura-katea osatzen duten enpresek proiektu berrien garapenean duten iritzi orokorra identifikatu ahal izan zuen, hauetan, besteak beste: IHOBErekin lankidetzan egindako “Elikaduraren eta edarien sektoreko ekonomia zirkularraren gakoei buruzko txostenean”; Elika buru zela gauzatutako “Euskadiko nekazaritzako elikagaien katean elikagaiak alferrik galtzeari buruzko analisian”; edo SPRI Taldearen eta Minsaiten laguntzarekin egindako EAEko elikagaien sektorerako agenda teknologikoan. Emaitzetan egiaztatu ahal izan zen ETEek, oro har, baliabideak behar izaten dituztela beren premiei soluzioa eman diezaieketen aurrerapen teknologikoak eta ikerketa-ildoak ezagutzeko, bai eta talentu kualifikatua ere, ingurumena hobetzeko proiektuei ekiteko.
Arreta kontsumitzaileengan
Clusterrak egindako erosketa- eta kontsumo-ohitura jasangarriei buruzko azterlanaren arabera, kontsumitzaileek klima eta gizarte arloko soluzioaren parte aktibo izatea eskatzen diete elikagai-enpresei, eta konpromisoa erakusten duten markak lehenesten dituzte, helburu ekonomikoetatik harago. Hala eta guztiz ere, salmentek oraindik ez dute lehentasun hori erabat islatzen. Hori dela eta, kontsumo jasangarriaren driver-etan eta oztopoetan sakontzeko kontsumitzailearen azterlan bat egingo da.
Beste arazoetako bat, eskura dauden ingurumen arloko etiketatze-sistemei dagokienez nahasmen handia dagoela da, eta, horren ondorioz, enpresa askok ‘green silence’ deiturikoa aukeratzen dute. Hau da, huts egiteko edo publikoa nahasteko beldurrez, aurrera egiten ari diren eta lehiarako abantaila izan daitekeen arren, nahiago dute horren berri ez ematea.
Gai horri erantzuteko, proiektuaren esparruan eskuragarri dauden etiketatze-sistema guztiak, erakunde ziurtatzaileak, erregistro-prozesua, kontsumitzaileen lehentasunak eta ulermen-maila jasoko dituen gida sortuko da. Gida eskuragarri egongo da enpresek kontsulta dezaten.
Azkenik, P-CASek jasangarritasunaren arloko lantaldea abiaraztea proposatzen du. Lantalde hori enpresek eta soluzioak erraztuko dituzten eragileek osatuko dute, sortutako ikaskuntza guztiak partekatzeko eta lankidetza-proiektuei forma emateko.