GAURKOTASUNA

La Cocina de Senenek, Goxorrubik eta Casa Eceizak irabazi dituzte BTEM 2022-Euskadiko Elikagaien Berrikuntzaren sariak 

La Cocina de Senén plater prestatuen markak, Goxorrubi nekazaritza-enpresak eta Casa Eceiza gozogintza-konpainiak irabazi dituzte BASQUE FOOD CLUSTERak eta AZTI zentro teknologikoak emandako Euskadiko Elikagaien Berrikuntzaren sariak (BTEM 2022).
  • Enpresa horiek izan dira sarituak BASQUE FOOD CLUSTERak eta AZTIk antolatutako sarien hirugarren edizioan.
  • La Cocina de Senének Berrikuntza Teknologikoaren kategorian (produktua) jaso du saria; Goxorrubik Enpresa Berrikuntzan (prozesua); eta Casa Eceizak Merkatuetako Berrikuntzan
  • Sariak BECen egiten den elikadura-berrikuntzako Food 4 Future ekitaldiaren barruan banatu dira
  • Aintzatespenaren helburua euskal elikagaien balio-katea osatzen duten enpresen berrikuntza-arloko lana eta ahalegina azpimarratzea da.

BTEM sariak bi urtean behin ematen dira, eta pandemiak eragindako geldialdiaren ondoren hirugarren ediziora iritsi dira, euskal elikagaien sektoreari balioa emateko eta enpresen artean berrikuntzaren eta jardunbide onen aldeko apustua sustatzeko xedez. Sariak BECen egiten den elikadura-balio kateko profesionalentzako berrikuntzaren arloko erreferentziazko Food 4 Future-Expo Foodtech ekitaldian banatu dira.

Sarien epaimahaiak hiru kategoria bereizten ditu: Berrikuntza Teknologikoa, kontsumitzaileen artean behar berriak interpretatzen jakin eta erantzun arrakastatsua lortu duten enpresentzat; Enpresa Berrikuntza, beren ekoizpenean prozesu berritzaileak txertatzeko gai izan diren konpainientzat; eta, azkenik, Berrikuntza Merkatuetan, negozio-kanal berriak identifikatu dituzten enpresentzat.

Berrikuntza Teknologikoaren kategorian, epaimahaikideek La Cocina de Senén gourmet plater prestatu enpresa saritu dute bere “tortilla bidaiaria” izenekoarengatik. Patata tortilla zaporetsu hori metalezko lata baten barruan merkaturatzen da retailean. Ireki eta dastatzeko prest dago, eta hotzik gabe urtebete ere iraun dezake.

“’Tortilla bidaiariak’ saria merezi duten hainbat faktore biltzen ditu. Kontsumitzailearentzat, egunerokoan lagunduko dioten produktu funtzionalak bilatzeko nahiari erantzuten dion eta gero eta indar handiagoa duen hiperkomenientziaren kontzeptuan beste urrats bat ematea da. Era berean, tokiko kalitatezko produktuekin egina dago. Horrek, metalezko ontzi birziklagarriarekin batera, produktu erabat jasangarri bihurtzen du. Gainera, La Cocina de Senének nazioartekotzearen ateak ireki dizkio patata tortilla bezalako produktu bati; izan ere, hasiera batean, zaila zirudien bere propietate guztiak gordez esportatzea”, epaimahaiaren erabakian adierazten denez.

Bestalde, Enpresa Berrikuntzaren kategorian, Donostiako hiri-inguruko lurzati batean landatzen dituen marrubi eta beste fruta batzuen barietateen ekoizpen eta banaketa jasangarrian aritzen den Goxorrubi nekazaritza-enpresa saritu dute. Familiako nekazaritza ekologikoko proiektu horrek 0 kilometroko produktuaren aldeko apustua egiten du, garraiorako bizikleta elektrikoak erabiltzen ditu eta ekonomia zirkularreko eskemarekin egiten du lan, tokiko beste eragile batzuekin lankidetza bilatuz.

“Goxorrubiren proiektuak euskal elikagaien sektorean gaur egun dagoen hainbat erronkari erantzuten die: tokiko produktuen dibertsitate mugatua; ‘landa gunetik mahaira’ ereduaren aldeko apustua, elikagaien garraioak egiten dituen distantziak eta horrek dituen ondorioak murriztuz; landa ingurunearen eta hiriaren arteko deskonexioa; edo frutaren zaporearen inguruan kontsumitzaileak duen atsekabea murrizten ditu. Hori guztia, pandemiak eta azken aldian garraioan izandako grebak nekazaritzako elikagaiak ekoizteko sistemak gertu izateko beharra agerian utzi dutela kontuan hartuta. Gainera, eskalagarria ez den arren, kopiatzeko moduko negozio-eredua da, inspirazio gisa balio dezake eta beste ekintzaile batzuentzat bidea markatzen du” epaimahaiaren hitzetan.

Azkenik, Casa Eceiza gozogintza enpresak irabazi du BTEM saria Merkatuetako Berrikuntzaren kategorian, retailean eta online merkatuan –eta, laster, baita nazioarteko merkatuan ere– hasiera batean artisau-merkatuetarako egokiagotzat jotzen zen produktua arrakastaz sartu duelako, Donostiako Benetako Gazta Tarta, hain zuzen ere.

“Donostiako Benetako Gazta Tarta bere formatu desberdinetan merkaturatuz eta nazioartera zabalduz, Casa Eceizak kalitate handiko eta euskal kultura gastronomikoarekin lotura sakona duen produktu baten kontsumoa demokratizatzea lortu du, gure tokiko gastronomiaren benetako harribitxi bat eskala handian egitea lortuz. Gainera, jasangarritasuna lantzen du, tarta egiteko gertuko hornitzaileen lehengaiak erabiltzen baititu, eta packaginga % 100 birziklagarria da. Horregatik guztiarengatik, bere nortasunarekin eta etengabeko berrikuntzarekin, Casa Eceizak kalitatea bere nortasun-ezaugarri bihurtzea lortzen du” adierazi du epaimahaiak.

Epaimahaia BTEM Sarien epaimahaiko buru Manu Giner, BASQUE FOOD CLUSTEReko presidentea izan da, eta aurreko edizioan irabazle izan diren enpresen ordezkariek ere hartu dute parte: Asun Bastida Eroski Taldeko Tokiko Produktuaren zuzendari komertziala; Oskar Baraizarra Echebastarreko Komunikazio eta Erakunde Zuzendaria; eta Ander García Drone by Droneko zuzendari teknikoa, Txakoli Txabarriren ordezkari gisa. Ospe handiko hiru aditu independente ere epaimahaiko kide izan dira: Leire Bilbao Innobasqueko, Berrikuntzaren Euskal Agentziako, CEOa; Carolina Pérez CEBEKeko, Bizkaiko Enpresaburuen Konfederazioko, presidentea; eta Jaime Martín, Lantern aholkularitza enpresako bazkide sortzailea eta CEOa.

INTERESATZEN ZAIZU...

Berrikuntzaren arloan, norantz jotzen du zure enpresak?

2022ko BTEM Sariak, Euskadiko Elikagaien Berrikuntza Sarien hirugarren edizio honetako hiru enpresa irabazleekin hitz egin dugu. Senen González, CEO La Cocina de Senénen, Begoña Julián, CEO Goxorrubin eta Arantxa Oquiñena, Gerentea Casa Eceizan dira protagonistak.

saber +
PRÓXIMOS EVENTOS