GAURKOTASUNA

Kontsumitzaileek elikadura-enpresei zer eskatzen dieten iraunkortasunaren arloan aztertu dugu

Erosteko eta kontsumitzeko ohiturei buruzko “Elikadura jasangarria” azterlanaren emaitzak aurkeztu  ditugu, baita gure Behatoki Estrategikoaren bidez identifikatutako iraunkortasunaren arloko erronka eta joera nagusiak ere, P-CAS proiektuaren jardunaldi berri batean.

Elikadura-enpresek erronka bikoitza dute ingurumenaren arloan: gero eta zorrotzagoak diren araudi-baldintzak betetzeaz gain, kontsumitzaileek arlo horretan dituzten beharrei erantzun behar diete.

Ildo horretan, P-CAS proiektuaren bidez -Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko Sailak sustatu eta finantzatutakoa-, BASQUE FOOD CLUSTER-retik euskal elikadura-kateko enpresei laguntzen diegu nola eragingo dien beren jardueran gizartearen erosketa- eta kontsumo-ohitura berri horiek zehazten. Horretarako, Across The Shopper aholkulariarekin lankidetzan, “Elikadura jasangarria” azterlanaren 2. edizioa egin dugu.

Mila pertsonari baino gehiagori egindako elkarrizketetatik abiatuta, ikerketak honako gai hauek aztertzen ditu: inflazioak elikagai jasangarriak erosteko erabakietan dituen ondorioak, kontsumitzaile mota desberdinak eta horien beharrak, produktu-kategorien araberako aldeak edo hazteko aukerak esparru honetan. Aurkezpenaz Xavier Cros arduratu zen, Across The Shopper-eko bazkide sortzailea.

Emaitzen arabera, shopper-en % 51k kontuan hartzen du produktu jasangarri bat hautatutako lehengaiekin eginda dagoela eta kontu handiz egiten dela; beraz, garestiagoa izan behar dela uste dute. Horrek, egungo inflazio-aldian, pertsona asko baldintzatzen ditu erosteko erabakietan. Izan ere, 3tik 2k diote modu iraunkorrean erosten saiatzen direla, baina inflazioak ez die uzten.

% 53rentzat, une honetan lehentasuna elikadura ahalik eta prezio doienean erostea da, eta prezio erakargarriko eskaintza baten aurrean daudenean, produktua eskuratzen dute jasangarria den ala ez kontuan hartu gabe. Erosketa-drivers nagusiei dagokienez, produktua osasuntsua izatea zerrendako bigarren postuan mantentzen da, prezioaren atzetik.  Hala ere, prezioek zein eskaintzek pisua irabazi dute inflazioaren testuinguruaren ondorioz.

Kontuan izan behar dugu iraunkortasunak ez duela gauza bera esan nahi pertsona guztientzat. Horrela, millennial belaunaldiak garrantzi handiagoa ematen dio produktuak animalien ongizatea bermatzeari, estandar ekologikoak edo landare-jatorria (plant-based) betetzeari; senior- rek, berriz, produktu freskoekin, hurbilekoekin eta sasoikoekin erlazionatzeko joera dute.

Hazteko aukerei dagokienez, zaporea funtsezko faktorea dela ikusten da, osasunaren, iraunkortasunaren eta, are gehiago, prezioaren gainetik. Beraz, produktu jasangarrien alderdi organoleptikoak hobetzea merkatuan hazteko funtsezkoa da.

 

Erronka eta joera nagusiak

Azterlanaren ondorioak ezagutarazteaz gain, BASQUE FOOD CLUSTERen Behatoki Estrategikoak egindako “Elikatze-kate iraunkorrago baterako erronkak eta joerak” txostena aurkeztu genuen. Endika Lekaroz, C4Eko negozio-garapeneko zuzendaria, joera egokiei buruzko adibide ugari aurkezteaz arduratu zen, hala nola:

  • Ingurumen-inpaktua neurtu (“Neurtzen ez dena ezin da aldatu”) eta etiketa sinple eta ezagunen bidez komunikatu.
  • Plastikoaren alternatiba berriak eta errentagarriagoak erabili, baita teknologia berrerabilgarriak dituzten ontziak ere.
  • Ontzien ekodiseinuan egindako aurrerapenak, merkatuan bereizteko eta kokatzeko modu gisa.
  • Elikagaien bizitza baliagarria luzatu, teknologia aliatutzat hartuta. Erosketa-esperientzia, trazabilitatea eta informazioa hobetzen dituzten ontziratze adimendunak erabiliz.
  • Lehengaien balizko eskasiari aurrea hartu, eta osagai alternatiboen eta lehengai berrien erabilera aztertu, tradizionalak ordeztu ahal izateko.
  • Deskarbonizazio-prozesuak eta uraren kontsumo arduratsua, funtsezko hiru osagai nabarmenduz: adierazleak, berrikuntza eta aliantzak.
  • Elikagaien industriako azpiproduktuen balorizazioa, hondakin organikoei irteera emateko hamaika aukera identifikatuz.

 

Informazio gehiago nahi izanez gero, jarri gurekin harremanetan

INTERESATZEN ZAIZU...