Green Claims Zuzentarau-proposamenak Euskal elikadura-kateko enpresentzat izango dituen inplikazioak ezagutarazteko asmoz, P-CAS proiektuaren esparruan, BASQUE FOOD CLUSTERetik Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz gunean jardunaldi bat antolatu genuen maiatzaren 22an.
Green Claims Zuzentaraua Europar Batasunean sortu zen. Haren helburua greenwashing deiturikoari aurre egitea da. Izen horrekin ezagutzen dira enpresa edo produktu baten ingurumen-kredentzialei ikusgaitasuna ematen dieten jardunbide txarrak, horiek, egiaz, garrantzirik gabekoak edo funtsik gabekoak izan arren.
Gaur egun, Europako Batzordearen iritziz, baieztapen ekologikoen erdiek baino gehiagok informazio lausoa, engainagarria edo funtsik gabea ematen dute, eta baieztapen horien % 40k ez dute ebidentzia zientifikorik.
Jardunaldi honetan, Elisa Toscano Grunverreko ingurumenaren zaintzaren koordinatzaileak, zirriborro fasean dagoen Green Claims Zuzentarauaren egungo egoeraren berri eman zuen, eta hori onartu arte (2025erako dago aurreikusita) igaro beharko dituen hurrengo urratsak azaldu zituen.
Gainera, Elisak, zuzentarau hau indarrean jartzeak enpresentzat ekarriko dituen betebehar eta debeku nagusiei buruzko laburpena egin zuen.
Zuzentarauaren helburua, “zuritze ekologikoa” ekiditea eta informazio fidagarria, alderagarria eta egiaztagarria ematea da, erosleek erabaki jasangarriagoak har ditzaten. Gaur egun, zeregin hori oso konplexua da kontsumitzailearentzat, merkatuan EBren 230 jasangarritasun-etiketa eta 100 etiketa berde inguru baitaude.
Bestalde, Sara del Hoyo Grunverreko proiektuen arduradunak, arau-baldintza horiei erantzuteko tresnak azaldu zituen, ingurumen-ebaluazioaren metrikak zehaztuz, hala nola karbono-aztarna eta ingurumen-aztarna, bai eta merkatuan eskuragarri dauden ingurumen-etiketak ere. Gainera, elikagaien sektorean garatutako ingurumen-etiketatze sistemetako bitan sakondu zuen, Eco-Score eta Planet-Score izenekoetan.
Jardunaldian Jaime Zufía AZTIko Prozesu Eraginkor eta Jasangarrien Arloko koordinatzaileak ere hartu zuen parte, eta AZTIk eta Belgikako Ku Leuven unibertsitateak Eusko Jaurlaritzaren eta EIT Food-en laguntzarekin garatutako ingurumen arloko etiketatze sistema Enviroscore aurkeztu zuen. Sistema horrek produktuaren 16 ingurumen-adierazle kalkulatzen ditu, multzokatu egiten ditu eta produktuaren inpaktu erlatiboa bost eskalatan sailkatzea lortzen du, A-tik E-ra.
Saioa amaitzeko, Cristina Rodríguez Eroski Taldeko Jasangarritasun arduradunak, Europa mailan dauden ingurumen etiketa nagusiak aztertu ondoren kooperatibak izan duen esperientzia azaldu zuen.
Horrela, kontsumitzaileei informazio argi eta zehatza helaraztearen garrantzia azpimarratu zuen, eta ingurumen-alderdien komunikazioa hobetzeko haien beharrak eta kezkak entzun behar direla nabarmendu zuen.
P-CAS proiektua (Elikadura-kate jasangarria programa)
P-CASen bidez, enpresei etorkizuneko araudiei buruzko ezagutza eta jasangarritasunaren inguruko aurrerapen teknologikoak eta merkatukoak hurbiltzea bilatzen da. Proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko Departamentuak sustatu eta finantzatuko du. Hori garatzeko, BASQUE FOOD CLUSTER Grunver Sostenibilidad, C4E eta Across the Shopper-ekin elkarlanean ari da.