GAURKOTASUNA

Gipuzkoako elikagai-enpresak elkarlanean ari dira beren ontzien ingurumen-inpaktua murrizteko

BASQUE FOOD CLUSTER, euskal elikadura-katearen erreferentziazko elkarteak, EKODISFOOD proiektua jarri du abian, UVESCO Taldeak (BM eta Super Amara), Kaikuk eta Natrak erabiltzen dituzten ontzien eta bilgarrien ingurumen arloko aztarna murrizteko. Hiru enpresek alternatiba hobetuak garatu nahi dituzte, ekodiseinuan oinarrituta. Horretarako, gaur egungo ontziek ingurumenean duten eragina neurtuko dute, eta jasangarritasunaren aldeko aldaketak aplikatuko dituzte. Aldaketa horiek, beste soluzio batzuen artean, osagaiak murriztea, material birziklatuak sartzea edo paketatzea tamainan eta forman optimizatzea izan daitezke.

Ekonomia zirkularreko proiektuetan espezializatutako Donostiako Bilibin Circular aholkularitzaren eskutik, enpresak beren ontzien ingurumen arloko inpaktuaren diagnostikoa egiten ari dira, aitortutako bi metodologiaren bidez: ontziaren bizi-zikloaren azterketa (ISO 14040 eta 14044) eta World Business Council for Sustainable Development-ek (WBCSD) garatutako prozeduran oinarritutako zirkulartasun-azterketa.

Hurrengo urratsa hobetzeko aukerak aurkitzea izango da, ontziak optimizatzen, materialak jasangarriagoak diren beste batzuekin aldatzen, ontzi itzulgarriak sartzeko aukera baloratzen eta birziklagarritasuna errazten lagunduko duten ekodiseinuko estrategiei jarraituz. Azken puntu horretan jarraitu beharreko aholkuen artean hauek nabarmentzen dira: elementuen aniztasuna murriztea, sailkapena eta bereizketa sinplifikatzeko; oso kolore ilunak saihestea, zaila baita birziklatze-prozesuetan identifikatzea; material bakarraren aldeko apustua egitea; eta etiketak ur berotan disolbagarriak izan daitezela eta tintak ez daitezela dekoloratu zaintzea.

Era berean, proiektuak komunikazio-estrategiak prestatzen lagunduko die enpresei, kontsumitzaileei birziklatzean erabakiak hartzen laguntzeko eta ontzietan jasangarritasunaren alde ezarritako hobekuntzak ezagutarazteko. Gainera, hiru enpresen artean sinergiak ezartzeko aukera planteatzen da, lankidetzako ekimenak bultzatzeko, Gipuzkoako lurraldea elikagaien jasangarritasunaren eredu gisa posizionatzeko.

EKODISFOOD Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko Departamentuak sustatutako eta finantzatutako proiektua da.

Lehiarako abantailak enpresentzat

Parte hartzen duten enpresei begira, EKODISFOODek aukera emango die ontzi jasangarrien arloan beren lehiakortasuna bultzatzeko irekitako aukerak aztertzeko; izan ere, helburua ez da soilik esparru horretan ezarritako araudi berriak betetzea, kontsumitzaileen beharrei erantzutea ere bada.

“Jasangarritasuna gero eta garrantzitsuagoa da packaging-ean, bai gure prozesuak optimizatzeko eta legedia betetzeko, bai gure bezeroen eskaerei erantzuteko. EKODISFOOD proiektuarekin gure ontziek ingurunean duten eragina ulertu eta murriztu nahi dugu”, adierazi du Amaia Ortiz de Elguea UVESCO Taldeko Jasangarritasun arduradunak.

Ildo beretik, proiektuak sektorean zirkulartasuna bultzatzeko duen gaitasuna aipatu da. “Ekonomia zirkularrerantz joatea etorkizuneko baliabideak arriskuan ez jartzeko bidea da, eta horregatik egiten dugu lan hainbat ildotan. Ontzien zirkulartasuna da horietako bat, eta proiektu honen parte izateak ahalik eta ingurumen-inpaktu txikiena duten ontziak ezartzeko orduan aurkezten zaizkigun erronkekin aurrera jarraitzeko tresnak eta laguntza ematen dizkigu”, adierazi du Cristina Cantero Kaikuko Jasangarritasun arduradunak.

Hori guztia ekodiseinuaren printzipioetatik egituratuta dago. Horren jardunbideak produktuaren kontzepziotik hasi eta erabat ezabatu arte luzatzen dira. “Ekodiseinua jasangarritasunaren aldeko gure balioaren funtsezko zutabeetako bat dela uste dugu, eta proiektuan parte hartzeak bilgarriaren ekodiseinuaren metodologian sakontzen lagunduko digu, etorkizuneko garapenetan gure kategoria guztietan inplementatzeko, gure produktuek ingurumenaren ikuspegitik duten aztarna murriztea fokutzat hartuta”, azpimarratu du Daniel del Olmo Natrako R&D Packaging Managerrak.

INTERESATZEN ZAIZU...