GAURKOTASUNA

Gipuzkoako elikadura enpresetan GJHak txertatzeko laguntza eta akonpainamendua

Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatu eta finantzatutako proiektua Ameztoi Anaiak, Elosegi Upategiak, Elmubas Petfood Group eta Urkabe Benetan enpresek bultzatzen dute. Proiektuak bultzada berria ematen dio elikagai-enpresetan GJHak ezartzeari, lehiakortasuna hobetzeko

Ameztoi Anaiak, Elosegi Upategiak, Elmubas Petfood Group eta Urkabe Benetan, Gipuzkoako lau elikagai-enpresek lankidetzaren eta ikaskuntza partekatuaren bitartez egingo dute lan FOOD2ODS proiektuaren garapenean. Proiektuaren helburua sektoreko enpresetan Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) txertatzea sustatzea da, haien lehiakortasuna bultzatzeko eta enpresa-jarduera eraldatzen laguntzeko. Zehazki, GJHak integratzeko prozesuan laguntza-ereduak ezartzean oinarrituko da, enpresen helburuekin eta estrategiekin bat etorriz.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko Departamentuak sustatu eta finantzatuko du proiektua, eta BASQUE FOOD CLUSTERek dinamizatuko du. Era berean, Sinnple-ren, gizartean eta ingurumenean duen eragina neurtzen laguntzen duen gizarte-berrikuntzako aholkulariaren, laguntza izango du.

FOOD2ODSek ODSFOODen lekukoa jasotzen du. Proiektu horren bitartez, BASQUE FOOD CLUSTERek, enpresei esparru horretan beren egoera eta helburuak diagnostikatzeko eta ibilbide-orri gisa zenbait jarraibide metodologiko ezartzeko aukera ematen dien tresna digital bat sortu zuen. Behin lan hori eginda, agerian geratu zen Gipuzkoako elikagai-enpresek, eta ETEek bereziki, laguntza behar dutela GJH horiek beren jarduera ekonomikoan behar bezala txertatzeko. Testuinguru horretan sortu zen FOOD2ODS.

Proiektuaren barruan, GJH batzordeak sortuko dira enpresa parte-hartzaileetan, eta 3 urterako lan-ildoak hautatu eta ebaluatuko dira, balio-proposamen zehatzetan egindako aurrerapenak agerian uzteko. Ildo horretan, kontsumitzaileek klima eta gizarte arloko soluzioaren partaide aktibo izatea eskatzen dute, eta helburu ekonomikoez gain, gizarte- eta ingurumen-helburua duten marka arduratsuak lehenesten dituzte.

Hori dela eta, lau enpresetako bakoitzerako balio indibidualizatuko proposamenak ere sortuko dira. Horretarako, komunikazio-benchmarking bat egingo da, formatu, kanal, sormen eta storytelling egokienen adibideak ezagutzeko. Horrez gain, enpresa bakoitzaren komunikazio-estrategiarako lagungarri izan daitezkeen komunikazio-euskarriak egingo dira (infografiak eta bideoak). Azkenik, sektoreko beste enpresa batzuen inplikazioa sustatuko da, enpresa hornitzaileengan eta barneko langileengan zentratuta.

Barne-esparruan, parte hartzen duten enpresek jardunaldiak antolatuko dituzte. Jardunaldi horiek, ‘IMPLICAODS’ izena izango dute eta helburuak lortzeko eragin handiena izan dezaketen plantillako taldeei egongo dira zuzenduta. Sentsibilizazio praktikoko jardunaldiak izango dira, eta langileak izango dira aldaketaren protagonista eta enpresaren barruan aliatu.

Sentsibilizazio jardunaldiak

Sektore-mailan 2030 Agendaren helburuak lortzeko aurrera egitea ezinezkoa izango da beste zenbait enpresa txiki eta ertain (enpresa hornitzaileak, laguntzaileak, bezeroak, etab.) GJHekin lerrokatutako enpresa-ereduetara bultzatu gabe. Horregatik, helburuak lortzen lagunduko duten balizko aliatuak sortzeko ekintzak ezarriko dira. Horrela, Euskadiko elikagaien balio-kateari zuzendutako proiektuaren dibulgazio-jardunaldi bat egingo da, eta bertan enpresa bakoitzean hedatutako lan-metodologia, proiektuan zehar sortutako ikaskuntzak, arau-berrikuntzak eta aurrerapen hori finantzatzen lagun dezaketen laguntza-programak ezagutaraziko dira.

FOOD2ODSen bitartez, Gipuzkoan erantzunkidetasun sozialaren kultura bultzatu nahi da horretarako traktore gisa identifikatutako sektoreetako batean. Gainera, enpresa sustatzaileek askotariko errealitateak dituzte tamainari, GJHen sartze-mailari, plantillaren inplikazioari eta abarri dagokienez, eta horrek emaitzak aberasten lagunduko du, eta, ondorioz, baita sektoreko beste enpresa batzuetan sor dezakeen atxikidura eta interesa ere. Era berean, aniztasun horrek sortutako ikaskuntzak eta baliabideak Gipuzkoako beste sektore eta enpresa batzuetara estrapolatzeko ateak irekitzen ditu.

INTERESATZEN ZAIZU...