BASQUE FOOD CLUSTERek babesletza-hitzarmena sinatu du Faka Energíarekin. Zumarragako aholkularitza-enpresa horrek hamar urte baino gehiago daramatza enpresei energia-gastua ulertzen eta murrizten laguntzen. Ehun aholkularitza-lanetik gora egin ditu, eta esperientzia horretan oinarritutako ezagutza praktikoa eskaintzen die Clusterreko enpresa bazkideei, industrian pisu handiena duten kostuetako bat murrizten laguntzeko.
Elikagaien sektorean, egunero ordu asko martxan dauden prozesuek eragiten dute energia-gastuaren zati handi bat: besteak beste, elikagaiak hozteak, izozteak, egosteak eta pasteurizatzeak, edo ekoizpen-lerroak garbitzeak. Prozesu bakoitzak zenbat energia behar duen zehatz jakitea da aurrezteko lehen urratsa, elikagaien segurtasuna eta produktuaren kalitatea arriskuan jarri gabe.
Joseba Etxeberriak sortutako enpresak bezero bakoitzaren neurriko irtenbideak diseinatzen ditu, eta prozesu osoan laguntzen dio, hasierako azterketatik aldaketak ezarri arte.
Zerbitzu hauek eskaintzen ditu, besteak beste:
Tarifak eta kontratatutako potentzia
Tarifa, energia-kontsumoaren ordutegiak eta kontratatutako potentzia aztertzen ditu, lantegiaren benetako beharretara egokitzeko. Txandaka lan egiten duten edo ekoizpen-gorabeherak dituzten lantegietan, kontratatutako potentzia behar bezala doitzeak eta ordu-tarte merkeenak baliatzeak zuzenean eragiten dute fakturan.
Energia-auditoria
Instalazioak, makinak eta prozesuak aztertzen ditu, energia noiz eta nola kontsumitzen den jakiteko eta sarritan oharkabean geratzen diren eraginkortasun-arazoak aurkitzeko. Amaieran, txosten xehatua, bezero bakoitzari egokitutako gomendioak eta ekintza-plana prestatzen ditu. Aurrezten laguntzeaz gain, araudia betetzeko eta karbono-aztarna murrizteko ere balio du planak.
Energiaren kudeaketa
Diagnostiko horretatik abiatuta, estrategia bat zehaztu eta bezeroarekin batera gauzatzen du: energia berriztagarriak txertatuz, ekipamenduak berrituz edo lan egiteko modua hobetuz.
Energia-kontsumoaren jarraipena
Prozesu eta makina bakoitzaren energia-kontsumoa unean-unean erregistratzen duten sistema adimendunak erabiltzen ditu. Horrela, adibidez, hozte-ganbera batek ohikoa baino energia gehiago kontsumitzen badu edo ekoizpen-lerro batek ordutegitik kanpo martxan jarraitzen badu, berehala antzematen da, arazoak fakturan eragina izan aurretik. Datuak erabiltzeko erraza den plataforma batean kontsulta daitezke, eta talde teknikoak etengabeko laguntza eskaintzen du datuak interpretatzeko eta zer doikuntza egin erabakitzeko.
Hitzarmen honen bidez, Faka Energía Clusterraren babesle-sarean sartu da. Sare hori osatzen duten konpainiek beren espezialitateko ezagutza eta esperientzia eskaintzen dizkiete enpresa bazkideei.