Eusko Jaurlaritzak, HAZI Fundazioaren eta BASQUE FOOD CLUSTERen lankidetzarekin, euskal elikadura-kateko enpresen jarraipena bermatzeko, funtsezko postuetan beharrezkoa den erreleboa bultzatzea helburu duen trebakuntza programa bat jarri du abian.
Ekimen honek, elikadura enpresetan jardunean dauden eta belaunaldi-errelboko baldintzetan zuzendaritza-postuak beteko dituzten profesionalen goi-mailako kualifikazioa bultzatu nahi du, behar hori duten enpresei laguntza ekonomikoa emanez.
Finantzatutako goi-mailako prestakuntza-programak, elikagai- eta edari-enpresetan jardunean dauden profesionalek, gehienez 2 urteko epean, erantzukizunezko postuetan eraginkortasunez sartzeko balio behar dute.
Erakunde onuradunak
Laguntza honen onuradunak, ETE eta mikroETEak direla, Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera-zentro bat dutela eta jarduera nagusia elikadura-katean egiten dutela, zehazki, 01-02-03-10-11-46-47 edo 5629 JESNetan, egiaztatzen duten enpresak izan daitezke.
Programa honetarako aurrekontua 85.400 eurokoa izango da gehienez, Eusko Jaurlaritzak guztiz finantzatuta. Goi-mailako prestakuntza-planaren kostuaren %45eko laguntza ekonomikoa emango du, eskaera bakoitzeko 6.300 euro gehienez ere, eta kostu osoaren % 50era arte handitu ahal izango da, eta 7.000 eurora arte gehienez, eskaera emakume baten aldekoa bada.
Sektoreko enpresek eskaera bakarra aurkeztu ahal izango dute gehienez. Hala ere, laguntza hau helburu bera duten beste laguntza batzuekin bateragarria izango da, betiere programaren kostu osoa gainditzen ez badute.
Eskabideak aurkezteko epea 2023ko abenduaren 31ra arte (egun hori barne) edo funtsak agortu arte egongo da zabalik, eta aurtengo urtarrilaren 1etik aurrera hasitako matrikula-kostuen eta MBA, goi-mailako espezializazioko edo Zuzendaritza Orokorreko Programen (PDA) kredituen zati bat finantzatzeko balioko du.
Eskaera eta esleipen prozesua, ondoz ondoko konkurrentziaz egingo dena, eta ekimen berri honen xehetasunak HAZI Fundazioaren, ONEKINen eta BASQUE FOOD CLUSTERen webguneetan argitaratuko diren oinarrien bitartez laster jakinaraziko dira.