Euskal elikadura-balio katearen erreferentziazko BASQUE FOOD CLUSTER elkarteko bazkide diren hogei bat enpresa Susana González Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu Zuzendariarekin bildu dira astearte honetan. Helburua elikaduraren balio-kateko enplegagarritasunaren egoera foru erakundeari helaraztea izan da, egungo egoeraren eragina, etorkizunerako perspektibak eta erronkak, eta integrazioaren eta berdintasunaren bultzada kontuan hartuta.
Saioa Bilboko Iberdrola dorrean egin da, eta bertan Jon Ander Egaña BASQUE FOOD CLUSTERreko Zuzendariak hartu du parte. Balio-kate osoan eragina duten erronkei aurre egiteko elkarteak talentuaren eta profil kualifikatuen prestakuntzaren alde egin duen apustua azpimarratu du, enpresen eraldaketa digitala, ingurumen-jasangarritasunaren arloko eskakizunak, eta lan egiteko eta laneko kontziliaziorako modu berriak, besteak beste.
Horrela, erakundearen 2020-2023 Plan Estrategikoan jasotako helburu nagusietakoa talentua erakartzea eta garatzea da, elkarteko kide diren enpresen lehiakortasuna hobetzeko funtsezko palanka gisa. Horretarako, beharrezko gaitasunen eta profilen diagnostikoak egiteaz arduratzen da, baita talentua erakartzeko eta atxikitzeko ekintza-planak egiteaz ere, kontsulta irekiko dinamikak eta enpresekiko lantaldeak abian jartzen ditu, bere Enpleguaren Ataria du eta enplegu- eta prestakuntza-programetan hartzen du parte.
Ildo horretan, BASQUE FOOD CLUSTER Bizkaiko Foru Aldundiarekin lankidetzan ari da, 3R Enpresaren bidez. Enplegu-programa horrek pertsonen enplegagarritasuna bultzatzen du funtsezko sektoreetan eta enplegu-itxaropen onenak dituzten sektoreetan. Gainera, lankidetza hori beste programa batzuetara ere hedatzen da, LanBerri programara, besteak beste.
Bestalde, Susana González Bizkaiko Foru Aldundiko Enpleguko Zuzendariak nabarmendu duenez, foru erakundeak “modu aktiboan entzuten ditu enplegua sortzen duten erakundeak”, foru-programak lana aurkitzeko sortzen dituzten aukerak hobetzeko.
“Elikagaien sektoreak Euskadiko BPGaren % 9,3 hartzen du, eta 137.000 enplegu baino gehiago ditu. Enplegu gehiago izateko aukerak dituen sektore estrategikoa da, eta, beraz, Aldundiak duen guztia jarriko du bere aldetik hazkunde hori lortzeko eta beharrezkoa den talentua gehitzeko”, gaineratu du.
Esku-hartze horien ondoren, dinamizazio-saioa egin da. Enpleguko Zuzendariarekin egindako solasaldi horretan parte hartu duten enpresak hauek izan dira: Angulas Aguinaga, Artiach, Gorka Izagirre Upategiak, Itsasmendi Upategiak, Bolton Food, Carrefour, Echebastar, Eroski, Eulen, Frutas Iru, HAZI, Garlan, Gastronomia Baska, Gasca, La Salve, Mantequerías Santi, Plastigaur, Sálica, Serunion eta Tamar.