-
SENIFOOD proiektuak mantenugaiak, konposatu aktiboak eta osagaiak ikertzen ditu kalitatezko zahartzea errazteko
-
AUSOLAN buru dela, EROSKIk, VASCOLACek, DomusVik, TECNALIAk eta BASQUE FOOD CLUSTERek parte hartzen dute, eta Eusko Jaurlaritzaren Hazitek 2025 programaren babesa du
Euskadiko elikagaien sektorearen, soziosanitarioaren eta teknologikoaren erreferentziazko enpresak eta eragileak SENIFOOD proiektua abiarazten ari dira. Proiektu horren helburua osasun kognitiboan eta mentalean eragina duten mantenugaiak, konposatu aktiboak eta osagaiak ikertzea da, adinekoen beharretara egokitutako elikagaiak sortzeko. Esneki-edari berriak, V gamako elaboratuak eta plater funtzionalak bezalako produktuen garapenaren bidez, zahartze osasungarri eta kalitatezkoa sustatu nahi da, elikadura arloko soluzio seguru, zaporetsu eta kontsumo errazekoekin, bereziki irensketa zailtasunak edo nutrizio behar espezifikoak dituzten pertsonei egokituta.
SENIFOOD, kolektibitateen eta plater prestatuen sukaldaritzan espezializatuko AUSOLAN Taldea buru duen lankidetza proiektua da, eta hainbat enpresak hartzen dute parte. Horien artean daude elikagaien banaketan liderra den EROSKI, esnekiak prestatzen dituen VASCOLAC, eta adinekoentzako egoitzen kudeaketan eta mendekotasunaren arretan zentratuta dagoen DomusVi. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko (ZTBES) bi eragileren laguntza du: TECNALIA ikerketa aplikatuko eta garapen teknologikoko zentroa eta BASQUE FOOD CLUSTER, euskal elikadura-katearen erreferentziazko elkartea. Finantzaketarako, Eusko Jaurlaritzak eta SPRIk bultzatutako HAZITEK 2025 – Enpresen I+G laguntzeko proiektuak programaren laguntza du.
Bere helburuen artean, proiektuak hauek landuko ditu: osasun kognitiboa hobetzeko mantenugai eta konbinazio optimoen azterketa, elikadura matrize desberdinetan duten portaeraren analisia eta digestio prozesuak konposatu aktiboetan duen eragina. Era berean, ongizate mentalera eta fisikora egokitutako formulazio berriak diseinatzea du helburu eta horretarako ikerketa, produktuaren garapena, bizi ohitura osasungarriak eta nutrizio hezkuntza konbinatzen dituen diziplina anitzeko estrategia integratzen eta elikadurako jarraibideetan genero ikuspegia txertatzen du.
Espero diren emaitzen artean daude zahartzeari eta narriadura kognitiboaren prebentzioari buruzko ezagutzan aurrerapenak egitea, elikagai funtzional berriak balioztatzea eta adinekoen bizi kalitatea hobetzen lagunduko duten dieta pertsonalizatuak garatzea egoitza inguruneetan.