GAURKOTASUNA

Euskadiko Elikagaien Ontzi eta Bilgarrien Berrikuntzarako IV. Topaketak sektorea bildu du PPWR araudiaren, birziklagarritasunaren eta berrikuntzaren erronkei heltzeko

  • ONTZIk sustatutako diagnostikoak erakusten du enpresen % 90 baino gehiago oraindik PPWR araudira egokitzeko hasierako faseetan dagoela eta % 63k ez dakiela 2030erako ezarritako eduki birziklatuaren helburuak bete ahal izango dituen.

  • 20 enpresak eta eragile teknologikok irtenbide berritzaileak aurkeztu dituzte ontzi jasangarriagoetarantz aurrera egiteko.

Elikadura-sektoreko, industria osagarriko, teknologia-zentroetako eta ontzigintzako enpresetako 140 profesional inguruk eta hainbat erakundetako ordezkarik parte hartu dute Euskadiko Elikagaien Ontzi eta Bilgarrien Berrikuntzarako IV. Topaketan. ONTZI | Basque Food Packaging Innovation Hub-ek antolatu du jardunaldia; BASQUE FOOD CLUSTERrek eta ELIKA Fundazioak sustatutako berrikuntza-komunitatea da ONTZI.

Barakaldoko Ilgner eraikinean egindako jardunaldiak elikagaien ontzien etorkizuna baldintzatuko duten erronka nagusietako batzuk aztertzeko aukera eman du. Besteak beste, Ontziei eta ontzi-hondakinei buruzko Europako Erregelamendua (PPWR) ezartzea, Gordailu, Itzulketa eta Itzulera Sistema (SDDR) garatzea, birziklagarritasunari lotutako erronkak eta berrikuntzak enpresen lehiakortasuna hobetzeko duen zeregina landu dira.

Iker Iglesiasek, Eusko Jaurlaritzako Elikadura Politika eta Industriako zuzendariak, eman dio hasiera topaketari, eta elikagaien ontzien sektorea bizitzen ari den eraldaketari aurre egiteko lankidetzak duen balioa nabarmendu du. «Araudi- eta ingurumen-erronka berriek balio-kate osoari eragiten diote, eta lankidetzaren bidez baino ezin izango diegu arrakastaz aurre egin. Euskadik lehen mailako industria-, teknologia- eta zientzia-gaitasunak ditu, eta ONTZI bezalako guneek aukera ematen digute gaitasun horiek elkarrekin lotzeko, ezagutza partekatzeko eta elikadura-eredu jasangarriago, seguruago eta lehiakorrago baterantz aurrera egiteko», adierazi du.

Erakundeen ongietorriaren ondoren, Lourdes Huertak, VINCESeko Industria eta Jasangarritasuneko bazkide eta zuzendariak, Ontziei eta ontzi-hondakinei buruzko Europako Erregelamenduaren (PPWR) bilakaera aztertu du. Dagoeneko zehaztuta dauden betebeharrak, oraindik garatu beharreko alderdiak eta datozen eskakizunei aurrea hartzeko enpresek hartzen hasi beharko luketen erabakiak izan ditu ardatz.

Jardunaldiko beste saioetako bat Gordailu, Itzulketa eta Itzulera Sistema (SDDR) ezartzeari buruzkoa izan da. Carrefour, Veolia eta UCEko ordezkariek, Lourdes Huertak gidatuta, ezaugarri horietako sistema bat praktikan nola antolatzen den eta inplikatutako eragileei zer erronka dakarkien aztertu dute.

Berrikuntzak ere leku nabarmena izan du. Belén Garcíak, PACKNETeko zuzendariak, ontzien bilakaera gidatzen ari diren joera nagusiak aurkeztu ditu. Joera horien aurkezpenaren ostean, Artzai Gazta, Jealsa, FIAB eta Tecnaliako ordezkariek mahai-inguru batean parte hartu dute, eta ontzien arloko berrikuntzak araudiaren, ingurumenaren eta merkatuaren eskakizun berriei erantzuten nola lagun dezakeen azaldu dute, enpresen lehiakortasuna alde batera utzi gabe.

Biltzarra Jon Ander Egaña BASQUE FOOD CLUSTERreko zuzendari nagusiak gidatutako mahai-inguru batekin amaitu da. Bilibin Circular, Eroski, Paturpat eta ITENEk parte hartu dute. Testuinguru horretan, ONTZIren birziklagarritasuna ebaluatzeko tresna aurkeztu da. Irtenbide digital horri esker, Euskadiko elikadura-enpresek beren ontzien birziklagarritasunaren autodiagnostikoa egin dezakete. Tresnaren helburua erabakiak hartzea erraztea eta enpresei PPWR araudiaren etorkizuneko eskakizunetarako prestatzen laguntzea da.

20 erakusketarik ontzietarako irtenbideak aurkeztu dituzte

Topaketan erakusketa-eremu bat ere egon da, eta enpresa hauek parte hartu dute: ATS-Tanner, BiooPack, DIBAL, Enplater, Fibtray, Futamura, GAIKER, IDEMATIKA, IFLEX Flexible Packaging, Inka Palet, JB Packaging, Menshen, Novamont, Nutripack, RE-UZ, Smurfit WestRock, Solidus, Titan Eco Sostenible, Tosca eta VRIZZO.

Aurkeztutako irtenbideen artean izan dira material konpostagarriak eta biooinarridunak, plastikoaren erabilera murrizteko aukerak, ontzi birziklagarri eta berrerabilgarriak, zelulosa-zuntzezko erretiluak, material bakarreko irtenbideak, fardelkatze jasangarria, eskaripeko etiketatzea, berrerabilpen- eta pooling-sistemak eta logistika-prozesuak optimizatzeko eta ontzien ingurumen-inpaktua murrizteko tresnak.

Erakusketa-eremuak irtenbide horiek elikadura-enpresei hurbiltzeko aukera eman du, eta teknologia berriak garatzen dituztenen eta ontzi jasangarriagoetarako trantsizioaren erronkei aurre egin behar dietenen arteko harremana erraztu du.

Europako araudi berriak aurrea hartzera behartzen ditu enpresak

Jardunaldiko mezu nagusietako bat izan da Ontziei eta ontzi-hondakinei buruzko Europako Erregelamendura (PPWR) egokitzea jada ezin dela epe luzerako erronkatzat hartu: elikadura-kateko enpresentzat berehalako premia da. 2025/40 (EB) Erregelamenduaren lehen funtsezko alderdi batzuk indarrean sartu ziren joan den abuztuaren 12an; besteak beste, ontzien dokumentazio teknikoari eta adostasun-adierazpenei lotutako eskakizun berriak.

ONTZIk nekazaritzako elikagaien 35 enpresaren artean sustatutako sektore-diagnostikoaren emaitzek berresten dute, hala ere, sektorea egokitzapenaren hasierako fasean dagoela oraindik. Enpresen % 90 baino gehiagok uste du PPWR araudirako prestaketaren hasierako faseetan dagoela; ia erdiek aitortzen dute, gainera, ez dituztela behar bezala ezagutzen aplikatu behar zaizkien betebeharrak.

Erronka nagusiak birziklagarritasunarekin, material birziklatua gehitzearekin eta berrerabilpenarekin daude lotuta. Enpresen % 43k oraindik ez du bere ontzien birziklagarritasuna ebaluatu, eta % 14k baino ez ditu arlo horretan hobekuntza eraginkorrak ezarri. Gainera, % 63k ez daki 2030erako ezarritako eduki birziklatuaren helburuak bete ahal izango dituen, eta % 74k ez du gaur egun ontziak berrerabiltzeko edo itzultzeko sistemetan parte hartzen.

«Helburu zorrotzenetako batzuk 2030erako ezarrita dauden arren, horiek lortzeko beharrezko erabakiak askoz lehenago hartu behar dira. Materialak egokitzea, hornitzaileekin batera aukerak baliozkotzea, dokumentazio teknikoa sortzea edo birziklagarritasuna hobetzea plangintza, inbertsioa eta denbora eskatzen duten prozesuak dira», adierazi du Arantza Madariaga ELIKA Fundazioko zuzendariak topaketaren amaieran.

INTERESATZEN ZAIZU...