GAURKOTASUNA

Euskadiko elikagai ontzien berrikuntza-komunitateak 175 eragile ditu dagoeneko sarean lanean, packaging soluzio jasangarriagoak aurkitzeko

ontzi | BASQUE FOOD PACKAGING INNOVATION HUB, Euskadiko elikagai ontzien eta bilgarrien berrikuntza-komunitateak, elikagaien ekosistemako eta ontzien eta bilgarrien industriako 175 agente inguru ditu elkarlanean, euskal elikadura-katea berriki egindako ingurumen-erregulazioetara eta arlo horretan gero eta handiagoa den gizarte-eskarira modu lehiakorrean egokitzea ahalbidetuko duten soluzio berriak aurkitzeko, elikadura-segurtasuna eta enpresen lehiakortasuna bermatuz.

ontzin parte hartu duten enpresek aurrez aurreko bigarren topaketa egin dute asteazken honetan Arkauteko (Araba) Nekazaritzako Elikagaien Campusean. Topaketa horri esker, elikagaien sektoreko lider diren enpresa handiek, hala nola Estrella Galicia, GB Foods, Grupo Calvo, Leche Pascual, Natra, EROSKI Taldea eta Uvesco, euskal enpresekin partekatu dituzte packaging aukera berriak ezartzeko egindako aurrerapenak eta kasu arrakastatsuak, beren proiektuetarako inspirazio-iturri izan daitezen.

Jardunaldia arlo honetan lehentasunezkotzat jotzen diren hiru erronkei erantzuten saiatzean oinarritu da. Erronka horiek euskal elikadura-kateko enpresek adierazitako premietatik abiatuta identifikatu dira. Erronka hauetan zentratu behar dira ahaleginak: egungoak baino jasangarriagoak diren soluzioen ezarpena, elikagaien bizitza baliagarriaren luzapena eta kontsumitzaileen esperientziaren hobekuntza. Hala, erronka horietako bakoitzari soluzioa eskaintzeko mahai-inguru bana egin da.

Saioaren sarreran, Jon Ander Egaña, BASQUE FOOD CLUSTEReko –euskal elikadura-kateko 140 enpresa eta erakunde baino gehiago biltzen dituen elkartea– zuzendariak, nabarmendu du ontzi komunitateak gaitasuna duela enpresek eta, bereziki, enpresa txiki eta ertainek beren ontzietan legediak eta kontsumo-gizarteak eskatzen dituzten aldaketak egiteko orduan dauzkaten zalantzak argitzeko. “Gainera, Packnet-en laguntzarekin, arlo honetan soluzioak eskaintzen dizkieten eragileen nazioarteko mapa eraikitzen ari gara”, gogorazi dau.

Bestalde, Arantza Madariaga ELIKA elikagaien segurtasunaren hobekuntza bultzatzeko Eusko Jaurlaritzaren fundazioaren zuzendaria packaging soluzio berriek ekarriko dituzten abantailetan zentratu da, hala nola, hondakinak murriztea eta elikagaien segurtasuna optimizatzea.

Jarraian, C4E berrikuntza-aholkularitzak mundu mailan ontzi eta bilgarri jasangarrien arloa iraultzen ari diren azken eragin-joerak biltzen dituen txostena aurkeztu du; ITENE Bilgarri, Garraio eta Logistikaren Institutu Teknologikoak, bere aldetik, lan egin duen kasu arrakastatsu batzuen berri eman du, euskal enpresak aipatutako erronkei aurre egitera animatzeko.

Erreferentziazko enpresek beren berrikuntzak azaldu dizkiote EAEko elikadura-kateari

Topaketaren parte nagusia antzemandako erronka handiei heltzeko hiru mahai-inguru izan dira, erreferentziazko enpresen eta dagozkien jarduera-arloetako liderren eskutik. Lehenengoan, ekodiseinuaren eta ekonomia zirkularraren aldeko apustuaren bidez euskal enpresek errazago egin ditzaketen aldaketen adibideak aurkeztu dira. Mahai-inguru horretan izan dira Daniel Del Olmo Natrako R&D Packaging Managerra; Esther García Grupo Calvoko Jasangarritasun teknikaria; Jose Manuel López Vilariño Estrella Galiciako I+G arduraduna; eta Jorge Martínez Fernández Leche Pascualeko Packaging Managerra.

Bigarren mahai-inguruari esker, urrats bat harago joan eta proiektu disruptiboak eta jarduera konplexuagoak egin dituzten enpresen kasu praktikoak ezagutu ahal izan dira, epe ertain eta luzera pentsatuak eta jasangarritasunaren bost zutabeei erantzuten dietenak: murrizketa, berrerabilpena, birziklagarritasuna, birziklatze-edukia eta konpostagarritasuna. Bertan parte hartu dute Violeta Costa GB Foods-eko Global Sustainability Manager, Javier Menéndez Encapsulae-ko CEOak eta Pablo Delfino ADBioplastics-eko negozio garapeneko zuzendariak.

Azkenik, hirugarren mahaiak kontsumitzaileen papera aztertu du. Ildo horretan, Ana Alzaga Euskadiko Kontsumitzaileen Batasuneko (UCE) idazkari nagusiak eta Xavier Cros Across the shopper-eko sortzaileetako batek ontzi jasangarrien bidez kontsumitzailearen pertzepzioa eta ontziaren jasangarritasunari eta trazabilitateari buruz ematen den informazioa hobetzeko beharra azpimarratu dute. Bestalde, Juan de los Angeles C4Eko CEOak zenbait adibideren bidez adierazi duenez, elikagai-enpresek gero eta konpromiso handiagoa dute beren ontziei eta bilgarriei buruzko informazioa hobetzearekin, bezeroen aldetik behar hori hautematen dutelako. Azkenik, Cristina Rodríguez Domingo EROSKIko jasangarritasun arduradunak, eta Amaia Ortiz de Elguea Uvescoko jasangarritasun arduradunak, beren enpresek abian jarri dituzten ekimenak erakutsi dituzte.

Soluzioen azoka: abenduaren 13an Barakaldon

Abenduaren 13a izango da, ontziri amaiera emateko eguna, Barakaldoko Ilgner eraikinean. Euskal enpresen beharrei erantzuteko duten gaitasunagatik ad hoc hautatutako nazioarteko soluziorik onenen azoka gisa antolatutako erakusketa hartuko du. Bertan horiek ezagutzeko eta hornitzaileekin harremanetan jartzeko aukera egongo da.

ontzi | BASQUE FOOD PACKAGING INNOVATION HUB

BASQUE FOOD CLUSTERek eta ELIKA Fundazioak bultzatuta, ontzi komunitatea ENVAS3S proiektuaren ekimenetako bat da. Proiektu hori elikagai-enpresek Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren RIS3 Espezializazio Adimenduneko Estrategiaren barruan (2030) adierazitako beharretatik sortu da.

Eusko Jaurlaritzak 2023ko Berrikuntza Funtsaren bidez sustatu eta finantzatutako proiektu horrek hainbat eragile adituren laguntza du, hala nola aholkularitza teknikoa ematen duen ITENE; soluzioak bilatzeaz arduratzen den Packnet (Ontzi eta Bilgarrien Espainiako Plataforma Teknologikoa); proiektu potentzialen diseinuaren buru den IDOM; joera eta jardunbide egoki inspiratzaileen txostenak egiten dituen C4E; eta ontzien inguruan kontsumitzaileek duten pertzepzioari buruzko azterlanak egiteaz arduratzen den Across The Shopper.

INTERESATZEN ZAIZU...