GAURKOTASUNA

Euskadiko elikadura-enpresa txiki eta ertainek hondakin organikoen eta C02aren errebalorizazioa aztertzen dute BASQUE FOOD CLUSTERraren eskutik

Ihoberen ETE Zirkularra programaren barruan dagoen HONDOR-FOOD proiektuak, sortzen dituzten azpiproduktuak eta merkaturatzeko soluzioak ezagutzen laguntzen die enpresei

BASQUE FOOD CLUSTERrak HONDOR-FOOD proiektua koordinatzen du. Proiektu horren bidez, EAEko hamar bat elikagai-ETEri erraztasunak emango dizkie hondakin organikoen kopurua eta tipologia eta horiek sortzen duten CO2a ezagutzeko, eta horiek balioztatzeko aukerarik egokienak eta berritzaileenak aurkitzeko. Azken helburua, enpresak euren jarduerak sortzen dituzten azpiproduktuen potentzialtasunaz jabetzea da, bai eta merkaturatzeko irtenbide posibleez eta horretarako lagun dezaketen eragileez ere.

BASQUE FOOD CLUSTERra berrikuntza-proiektu horren garapena sustatzeaz arduratzen da. Proiektuaren finantzaketa Ihobek, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak, kudeatzen duen Euskadi ETE Zirkularra ekimenaren laguntza-programatik dator. Proiektua AZTI zentro teknologikoaren laguntzarekin gauzatuko da.

Artomaña Txakolina, Bodega Gorka Izagirre, Bodegas Itsasmendi, Conservas Serrats, Conservas Zallo, Destilerías Acha, Eguren Ugarte, Natuber, Pan La Vitoriana eta Paturpat dira proiektuan parte hartuko duten enpresak. Gainera, Ausolan, La Salve eta Salicaren laguntza izango dute.

HONDOR-FOODek hondakin organikoen eta CO2aren sorreraren egungo egoeraren diagnostikoa egiteko aukera emango du, haien balorizazioaren ikuspegitik. Diagnostiko horren bideragarritasuna hainbat alderdik baldintzatzen dute, hala nola hondakinaren tipologiak, sortutako kopuruak eta beste alderdi batzuek. Gainera, tartean dauden eragileen arteko kooperazio eta truke-sare berriak sortzea espero da. Horri guztiari esker, enpresek zirkulartasun-irizpideak txertatu ahal izango dituzte epe labur, ertain eta luzerako estrategietan.

Proiektuaren ardatz nagusi gisa errebalorizazioa aukeratzeak BASQUE FOOD CLUSTERreko kide diren enpresek adierazitako beharrei erantzuten die. Ekonomia zirkularraren erronkak identifikatzeko enpresetan bekadunak sartuz Ihobek eta Novia Salcedo Fundazioak bultzatutako Circular Berrindartzea programaren bidez, BASQUE FOOD CLUSTERrak bere bazkideen artean sektoreko ibilbide-orria egiteko bide eman zion entzuteko prozesua jarri zuen martxan.

Prozesu horren ondorioz, euskal elikagai-enpresentzat garrantzi handiena duten ekonomia zirkularrarekin erlazionatutako erronkak, gaur egun, hondakinen balioa handitzea eta ontzien eta bilgarrien ingurumen-inpaktua murriztea dira (azken hori ere antzeko ezaugarriak dituen beste proiektu batean jorratuko du BASQUE FOOD CLUSTERrak).

Balorizazio-erronkak elikagaien sektorean

Elikaduraren sektoreak maila globalean aurrean duen erronkarik handiena etengabe hazten ari den munduko biztanleria elikatzeko gaitasunarekin erlazionatuta dago. Ildo horretan, elikagaien hondakinak murriztea da erantzun beharreko erronka garrantzitsuenetakoa. Europan, elikagaien urteko ekoizpenaren herena baztertu egiten da; eta heren horretatik, % 40 sektoreko enpresetan bertan sortzen da. Azken batean, ekoizpen-jarduera horiek hondakin-kopuru handia sortzen dute, eta ekonomikoaren ikuspegitik eta ingurumena errespetatuz soluzio bideragarria ematea komeni da.

Enpresek badakite lehengaiak prozesatzean sortzen diren hondakin horietako asko substantzia ugaritan aberatsak izaten direla —nutriente eta beste bioaktibo batzuk, esaterako—, eta, horientzat aprobetxagarriak izan ez daitezkeen arren, oso balio garrantzitsua dutela balio-kateko beste sektore edo katebegi batzuetan. Beraz, hondakin horietarako alternatibak bilatzea aukera bat da, ez bakarrik ingurumenaren ikuspegitik, baita ekonomiaren ikuspegitik ere.

Gainera, kontsumitzaileen artean gero eta eskari handiagoa dago, eta elikadura-enpresei klima arloko soluzioaren parte aktibo izatea eskatzen diete, ingurumen-inpaktua murriztuz; horrela, ingurumenarekiko arduratsuenak diren enpresek lehentasun handiagoa sortzen dute, eta horrek salmenta handiagoetan izan dezake eragina.

Euskadi ETE Zirkularra 

HONDOR-FOOD Ihoberen, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoaren, Euskadi ETE Zirkularra ekimenaren laguntza-programaren barruan garatuko da. Programa horren bidez, euskal ETEetan ekonomia zirkularraren eredurako trantsizio-prozesua bultzatu nahi da.

Bestalde, BASQUE FOOD CLUSTERrak euskal elikagaien sektoreko enpresei lehiakortasuna hobetzen, eta kostuei, posizionamenduari eta negozio-aukeren sorrerari dagokienez, ekoizpen linealaren eredu tradizionala eredu zirkularrarekin ordezkatzeak dakartzan abantailak aprobetxatzen lagundu nahi die.

INTERESATZEN ZAIZU...