· LEKALEAK proiektuak lehengai berrien ekoizpenean, teknologian eta elikagaien eraldaketan esperientzia duten EAEko elikadura-kateko hainbat eragile biltzen ditu
· Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politiketako Sailburuordetzaren Lankidetza Laguntzaren bidez Europar Batasuneko FEADER funtsek finantzatua
Euskadiko lekaleak ekoizteko erabilerak eta jomugak dibertsifikatzeko xedez, euskal elikaduraren balio-kateko hainbat eragilek LEKALEAK jarri dute abian. Berrikuntza-proiektu horren bidez lekale-irinen ekoizpena sustatu nahi da, euskal enpresek plant-based elikagaiak—landare-jatorriko lehengaiekin soilik egindako elikagaiei esaten zaie— gara ditzaten.
Arabako Nekazari eta Abeltzainen Batasuna (UAGA) da proiektuaren burua, eta hauek dira parte hartzaileak: BASQUE FOOD CLUSTER, euskal elikadura-katearen erakunde erreferentea den aldetik; ahatearen eta haren eratorrien produktuetan espezializatutako Delicass enpresa; Arabako Laboreen Elkarte Alternatiboa; Leartiker zentro teknologikoa; eta NEIKER-Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundea. Horrela, proiektuaren ardura duen partzuergoak hainbat arloko esperientzia eta ezagutza uztartzen ditu, lehengai berrien ekoizpenean eta eraldaketan eta elikagaien teknologian eta eraldaketan, besteak beste.
LEKALEAKen garapenari esker beste erabilera batzuetarako interes handiko nutrizio-propietateak dituen Euskadin sortutako lehen lekale-irina lortuko da. Irin horrek plant-based produktu-sorta bat garatzeko balioko du, herritarrek animalia-jatorrikoak ez diren proteina-iturri berrien erabilera sustatzeko duten eskaerari erantzuteko. Horrela, emaitzak kontsumitzaileekin aztertuko dira, haien pertzepzioa eta hobetzeko aukerak ezagutzeko.
Prozesu osoaren emaitza gisa, EAEko nekazaritza-ekoizpena dibertsifikatzea eta negozio-eredu berria bultzatzea lortuko da: tokiko lekale-irinak lortzea, elikagai-industrian landare-proteina iturri gisa erabiltzeko. Gainera, plant-based produktuen ingurumen-eragina murriztuko da, tokiko lehengai jasangarria txertatuko delako.
Proiektuak hainbat fase izango ditu, eta horien artean egongo dira ekoizpen-analisiaren azterketa egitea, landu beharreko barietate onenak hautatzeko, eta plant-based elikagaien merkatuko joeren analisia egitea. Hortik aurrera lekale-irinak lortuko dira eta, ondoren, azken produktuak diseinatu eta garatu eta
kontsumitzaileekin kontrastatuko dira. Alde horretatik, proiektuaren iraupena urte honen amaierara arte luzatuko da.
LEKALEAK, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politiketako Sailburuordetzaren Lankidetza Laguntzen bitartez Europar Batasuneko FEADER funtsek finantzatutako proiektua da.