GAURKOTASUNA

Employer Branding estrategiak marrazten euskal elikadura-katean talentuaren fidelizazioa hobetzeko

i-Talent Food proiektuaren esparruan online jardunaldi bat antolatu genuen, elikadura-katean talentua erakartzeko eta fidelizatzeko estrategia desberdinetan sakontzeko aukera eman ziguna. Gainera, saio honetan Employer Branding arloan inspirazio-iturri izan diren esperientzia arrakastatsuak ezagutu ahal izan genituen.Datozen urteetan, EAEko enpresek lan-eremuaren etorkizuna birmoldatzeko hiru joerari aurre egin beharko diete: biztanleriaren zahartzea, enpleguen hazkundea eta dibertsifikazioa, eta jaiotza-tasaren murrizketa. Egoera horrek eskatzen du berriro pentsatzea nola prestatzen diren erakundeak talentua erakartzeko, garatzeko eta atxikitzeko.

Jardunaldian, Prospektikerreko project manager Iñaki Elzaurdik Euskadiko lan-etorkizunaren laburpena eskaini zuen. Kalkuluen arabera, datozen 10 urteetan 100.000 pertsona erretiratuko dira eta 75.000 langile hasiko dira lanean. Ondorioz, “konpontzeko zaila” izango da langileen defizita. Egoera horren aurrean, beste sektore batzuekin lehiatzeko eta elikaduraren sektorean talentua erakartzeko diseinatutako estrategia aurkeztu zuen.

“Gipuzkoak elikadura-ehun enpresarial lehiakorra izatea, kalitatezko enpleguan erreferente izatea eta enplegu-marka erakargarria izatea dira helburu nagusiak”, adierazi du. Horretarako, hiru helburu estrategiko lantzen dira: enpresako langileak leialtzea; etorkizuneko langileak erakartzea; eta kanpora begira marka enplegatzailearen irudi ona lortzea, Employer Branding-a indartuz.

Gai honi buruz Ander Carrascok eta Leire Arrutik, LKS Next enpresako hautaketa-arlokoak, hitz egin zuten. Biek azaldu zituzten enpresek enplegatzaile ospea hobetzeko abian jar ditzaketen hainbat ekintza.

Ingurune digitalean, besteak beste, honako jarduera hauek nabarmendu zituzten: enplegatuen aktibazioa elkarlaneko tresnen bidez, sare korporatiboei bultzada ematea langileei protagonismoa emanez edo bilatzaile digitaletan posizionatzea marka enplegatzaile gisa.

Mundu analogikoari dagokionez, enplegu-azoketan parte hartzea, prestakuntza-zentroekiko lankidetza, sarien bidezko aintzatespena edo lan-jardunbide egokien ziurtagiriak lortzea sustatzeko eskatu zuten.

I-Talent Food Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko Departamentuak sustatu eta finantzatutako proiektua da.

INTERESATZEN ZAIZU...