GAURKOTASUNA

Ekodiseinuaren bidez, BASQUE FOOD CLUSTERrak euren ontzi eta bilgarrien ingurumen-inpaktua murrizten laguntzen die ETEei

Ihoberen ETE Zirkularra programaren barruan gauzatu beharreko ONTIN-FOOD proiektuak alternatibak identifikatzeko eta material jasangarriago berriekin esperimentatzeko aukera ematen die enpresei

BASQUE FOOD CLUSTERrak ONTIN-FOOD proiektua jarri du martxan. Proiektu horren bidez, ekodiseinuaren bitartez, ontziek eta bilgarriek ingurumenean duten eragina neurtzen, eta, ondorioz, hobetzeko aukerak identifikatzen lagunduko die euskal elikaduraren balio-kateko 10 ETEri egungo. Horrela, material jasangarri berriekin esperimentatzeko eta ekintza-plana zehazteko aukera izango dute, euren estrategietan ekonomia zirkularrarekin erlazionatutako irizpideak txertatzeko.

BASQUE FOOD CLUSTERra arduratzen da Ihobek, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak, kudeatzen duen Euskadi ETE Zirkularra laguntza-programaren finantziazioa duen berrikuntza-proiektuaren garapena sustatzeaz. Garapen horretarako, GAIKER Zentro Teknologikoaren laguntza jasoko da.

Ameztoi Anaiak, Basatxerri, Casa Eceiza, Café Fortaleza, Delicass, Euskaber, Fribasa, Insalus, Lumagorri eta Udapa dira proiektuan parte hartuko duten enpresak. Gainera, Ausolan, Uvesco Taldea eta Salicaren laguntza izango dute.

Helburu nagusia elikagaien sektoreko ontzien eta bilgarrien erabilerari lotutako ingurumen-inpaktua murriztea da. Ontziei eta Ontzi-hondakinei buruzko Errege Dekretuak aurreikusten dituen baldintzei aurrea hartzeko aukera ere emango die enpresei. Horretarako, euren ekintza-planetan eta estrategietan zirkulartasun-irizpideak txertatzeko aukera emango dieten ezagutza eta tresnak emango zaizkie enpresa txiki eta ertainei.

Era berean, lankidetza eta truke-sare berriak sortzea espero da, proiektuan parte hartzen duten eragileen arteko sinergien bidez. Aurrerago, enpresek esparru horretan lortzen duten heldutasun-mailaren, identifikatutako aukeren eta proiektuaren azken irismenaren arabera, jorratu beharreko mugarri aurreratuagoak planteatu ahal izango dira.

Proiektuaren gaia aukeratzeak, gainera, euskal elikagaien sektoreko enpresek adierazitako beharrei erantzuteko balio du. Ekonomia zirkularraren erronkak identifikatzeko enpresetan bekadunak sartuz Ihobek eta Novia Salcedo Fundazioak bultzatutako Circular Berrindartzea programaren bidez, BASQUE FOOD CLUSTERrak bere bazkideen artean sektoreko ibilbide-orria egiteko bide eman zion entzuteko prozesua jarri zuen martxan.

Prozesu horren ondorioz, euskal elikagai-enpresentzat garrantzi handiena duten ekonomia zirkularrarekin erlazionatutako erronkak, gaur egun, ontzien eta bilgarrien ingurumen-inpaktua murriztea eta hondakinen balioa handitzea dira. Azken hori ere antzeko ezaugarriak dituen beste proiektu batean jorratuko du BASQUE FOOD CLUSTERrak.

Ekodiseinuaren erronka nagusiak elika

gaien sektorean

Kalkuluen arabera, Europako plastiko-eskariaren % 40 elikagaien bilgarriak dira, hau da, urtean 20 milioi tona inguru. Horrela, sektoreko enpresek dikotomia bati egin behar diote aurre; izan ere, alde batetik, ontziak eta plastikozko elementuak dira aukerarik eraginkorrena elikagaien segurtasunari buruzko araudien eskakizunei eta erretailer handien eskakizun komertzialei erantzuteko. Beste alde batetik, ordea, ingurumen-inpaktua murriztera bultzatzen dituzten legediekin eta kontsumitzaileen gero eta eskaera handiagoarekin egiten dute topo.

Elikagai baten ingurumen-inpaktuaren % 80 inguru diseinu-fasean zehazten denez, etapa horretan hartutako erabaki bakoitzak ondorio garrantzitsuak ditu ingurumenean. Horrela, ekodiseinua produktuak asmatzeko beste modu bat eskaintzeagatik bereizten da. Horrek enpresetan mentalitatea aldatzea eskatzen du, baita hori gauzatzeko tresna eta metodologia egokiak ere.

Gaur egun, araudi-aldaketek elikagai-enpresen erdigunean jarri dute ekodiseinua, eta arlo horretan Euskadi lurralde aurreratua izan arren, asko dira oraindik horrelako proiektu handi bati ekiteko beharrezko informazioa eta baliabideak ez dituztenak, ETEen artean batez ere. Horregatik, BASQUE FOOD CLUSTERrak ekodiseinuaren aukera berriak enpresa txiki eta ertainen eskura jartzen dituen lana funtsezkoa da haien lehiakortasuna hobetzeko.

Euskadi ETE Zirkularra

ONTIN-FOOD Ihoberen, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoaren, Euskadi ETE Zirkularra ekimenaren laguntza-programaren barruan garatuko da. Programa horren bidez, euskal ETEetan ekonomia zirkularraren eredurako trantsizio-prozesua bultzatu nahi da.

Bestalde, BASQUE FOOD CLUSTERrak euskal elikagaien sektoreko enpresei lehiakortasuna hobetzen, eta kostuei, posizionamenduari eta negozio-aukeren sorrerari dagokienez, ekoizpen linealaren eredu tradizionala eredu zirkularrarekin ordezkatzeak dakartzan abantailak aprobetxatzen lagundu nahi die.

INTERESATZEN ZAIZU...