GAURKOTASUNA

EAEko elikagaien sektoreak deskarbonizazioaren eta zahartze osasungarriaren aldeko fitxa mugitu du

BASQUE FOOD CLUSTERrek ZTBP 2030ean kokatutako bi proiektu jarri ditu abian, Euskadik trantsizio digitala, berdea eta inklusiboa bizkortzeko duen estrategia

BASQUE FOOD CLUSTERek, euskal elikadura-kateko enpresak eta erakundeak biltzen eta ordezkatzen dituen elkarteak, Ikerketarako eta Garapenerako Elkarlaneko Zeharkako Bi Proiektu Traktore onartu ditu, Euskadi 2030 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren (ZTBP) barruan.

FOODATEUSen helburua, tokiko datuak dituzten bizi-zikloen azterketetatik abiatuta, euskal elikadura-katearen deskarbonizazioan aurrera egiteko teknika erabilgarri onenak ezartzea da. Bestalde, FOODICINEk elikagaiak eta nutrizio-estrategiak garatzeko behar den ezagutza lortzea bilatzen du, gaixotasunak prebenitzen laguntzeko, bizitza luzea erraztuz kalitatezko baldintzetan eta independentziarekin.

I+Gko Elkarlaneko Zeharkako Proiektu Traktoreen diseinurako laguntza-programaren bidez finantzatuko diren proiektu horiek Eusko Jaurlaritzak ZTBP 2030en bidez ikerketa eta berrikuntza bultzatzeko egiten duen apustuaren parte dira. Estrategia horrek Euskadi digitalagoa, berdeagoa eta inklusiboagoa bilatzen du, trantsizio hirukoitzaren bidez: teknologiko-digitala, energetiko-klimatikoa eta sozial-sanitarioa.

Gainera, FOODATEUS eta FOODICINE proiektuen emaitzak edukiontzien jasangarritasunean (SAFEPACK) eta istripu kardiobaskularren prebentzioan (PRECERVAS) zentratutako beste proiektu batzuekin integratuko dira, ikerketa horien inpaktua handitzeko.

FOODATEUS

BASQUE FOOD CLUSTER, AZTI ikerketa zentroa, NEIKER Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundea eta EROSKI Taldea elkartu dira proiektu hau garatzeko. Helburua, Euskadiko elikadura-balio kateari deskarbonizazioan aurrera egiteko teknika erabilgarri onenak ezartzen laguntzeko ikertzea da. Teknika horiek, funtsean, bizi-zikloaren analisia egitean oinarritzen dira, tokiko jatorria duten datu fidagarriagoak erabiliz.

Horretarako, partzuergoak elikaduraren balio-katearen azterketa sakona planteatzen du katebegi, sektore eta azpisektore mailan, ekoizpen, hornikuntza fluxu, ontziratze eta kontsumo jardunbideetan sakonduz, inpaktu nagusien jatorria ulertzeko.

Informazio hori abiapuntu hartuta, ingurumen-inpaktuaren neurketarekin eta murrizketarekin lotutako arazoen diagnostikoa egingo da, prozesuaren puntu kritikoak detektatzeko. Proiektuaren helburua inbentario-datuak hobeto lortzea, algoritmoen bidez datu horiek estrapolatzea eta ingurumen-inpaktua kalkulatzeko metodologiak aplikatzea da, besteak beste. Horrekin guztiarekin, neurketa hobeak izatea espero da, eta, beraz, elikadura-katearen jasangarritasunari dagokionez etengabeko hobekuntzan lagunduko duten ibilbide-orri seguruagoak sortu ahal izatea.

FOODATEUS, Mondragon Unibertsitateko MIKak, Teknikerrek, Gaikerrek eta EROSKI Taldeak parte hartuko duten SAFEPACK proiektuarekin integratuko da. Proiektu horren helburu nagusia edukiontzi zirkularrak garatzea da, haien bizi-zikloa ixteko, zero hondakinera iritsi arte.

FOODICINE

Proiektu honetan elkarlanean ari dira BASQUE FOOD CLUSTER, TECNALIA ikerketa aplikatuko eta garapen teknologikoko zentroa eta Bioaraba ikerketa sanitarioko institutua, bizitzaren etapa desberdinetara egokitutako elikagaiak lortzea ahalbidetuko duten produktuak eta prozesuak garatzeko ekimenak abian jartzeko behar den ezagutza eskuratzeko. Azken helburua kalitatezko elikadura bermatzea da, zahartze osasungarria eta gastu soziala murrizten laguntzeko.

Horrela, denboran zehar sortutako ikerketa guztia berreskuratu nahi da, eta elikagaien berrikuntzaren eskura jarri, nutrizio-produktuen eta -estrategien garapenean modu eraginkorrean integratzeko eta gizartearen bizi-kalitatea hobetzeko. Horretarako, elikadura-kateko agenteen kopuru adierazgarria inplikatu nahi da.

FOODICINEren ondorioak PRECERVAS proiektuarekin batera integratuko dira: Istripu kardio eta zerebrobaskularren prebentzioa zahartze osasungarrirako. CIC biomaGUNE da proiektuaren buru, eta Biogipuzkoa eta Biobizkaia Osasun Institutuek, Vicomtech, Tecnalia, BCBL, Asparia Glycomics SL, Ammma, Aubixa Fundazioa eta Deustuko Unibertsitatea eta Mondragon Goi Eskola Politeknikoa Koop. Elk. prestakuntza-zentroek hartzen dute parte.

foodicine 1

INTERESATZEN ZAIZU...