Ingurulabelen bitartez, enpresa txiki eta ertainek beren produktuen ingurumen-aztarna kalkulatu ahal izango dute, eta erraz ulertzeko moduko etiketekin jakinarazi
Euskadiko elikagaien industriako sei enpresak (Artomaña Txakolina, Casa Eceiza, Illargui, Sidras Zelaia, Udapa eta Vascolac) beren produktuen ingurumen-jarduera ebaluatzea eta jakinaraztea proposatu dute, ingurumen-eragina murrizteko, arau-aldaketei aurrea hartzeko eta kontsumitzaileek ingurumen arloko komunikazioari dagokionez dituzten eskakizunei erantzuteko. Horretarako, Basque Food Clusterrek Ingurulabel proiektua jarri du martxan. Proiektu horren bitartez, produktuen ingurumen-aztarna kalkulatuko da, eta emaitzak kontsumitzaileek erraz ulertzeko moduko etiketaren bitartez jakinaraziko dira.
Proiektuak, nekazaritzako elikagaien euskal sektorearen trakzioan funtsezkoa eta tokiko ekoizpenak eta jasangarritasuna bultzatzen erreferentea den Eroskiren laguntza du. Eroskik proiektuan parte hartzera animatuko ditu bere tokiko hornitzaileak. Proiektua Ihobek, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak, finantzatzen du oso-osorik, 2022ko ETE Zirkularra laguntza-programaren bitartez.
Merkaturatutako produktuen ingurumen-eraginen komunikazioa arautzen duten araudi berriak indarrean sartzeari aurrea hartu nahi dio proiektuak. Esaterako, 2025erako onartzea aurreikusten den Europar Batasuneko Green Claims zuzentarauaren proposamena. Arau horren helburua ‘greenwashing’ deiturikoari aurre egitea da. ‘Greenwashing’-a benetan garrantzirik gabeak edo funtsik gabekoak diren enpresa edo produktu baten ingurumen-kredentzialei ikusgaitasuna emateko jardunbide txarrak dira.
Euskal elikadura-kateko enpresak testuinguru horretarako prestatuta egon daitezen, Ingurulabel proiektuak produktuen ingurumen-aztarna kalkulatzeko jarduera-plana ezarriko du, eta parte hartzen duten enpresen ekarpenak eta hobekuntza-arloak identifikatuko ditu. Ondoren, kontsumitzaileei jakinarazi beharreko balio-alderdiak eta packaging-aren bitartez jakinarazteko modua aztertuko dira, komunikazioan gardentasun- eta argitasun-irizpideak lehenetsiz.