Talentua erakartzea eta leialtzea izango da lehiakortasun-faktore nagusietakoa, eta, horri esker, Euskadiko elikagaien sektoreak datozen urteetan hazten, eta erronka berriei aurre egiten jarraituko du. Hori izan da Cluster Egunaren, BASQUE FOOD CLUSTERek antolatutako euskal elikadura-katearen urteroko topaketaren, ardatza. 400 profesional inguru bildu ditu gaur goizean Donostiako Kursaal Biltzar Jauregian.
Ekitaldiak BASQUE FOOD CLUSTEReko Bazkideen Batzar Nagusia ere jaso du. Elkarte hori erreferentea da sektorean, eta gaur egun elikaduraren balio-kate osoko 132 enpresa eta erakunde ditu bere sozietate-oinarrian. Era berean, kide diren enpresen produktuen eta zerbitzuen erakusketa-dastaketa ere egin da. Cluster Egunaren hainbat ediziotan zehar gune hori ezinbesteko topagune bihurtu da euskal elikadura-kateko profesionalentzat.
Jardunaldiaren sarreran, Manu Giner BASQUE FOOD CLUSTEReko presidenteak elkartearen hazkundea nabarmendu du, azken urtean sustatutako hamar berrikuntza-proiektuak azpimarratuz, “gure kideei entzutetik eta haien beharrizanetatik eraikitakoak”. Hazkunde horrek agertoki berriei aurre egitera bultzatzen du Clusterra, eta agertoki horiek hurrengo 2024-2027 Plan Estrategikoan zehaztuko dira. Horien artean, garrantzi berezia emango zaio talentua erakartzeari eta leialtzeari.
“Talentu berarengatik lehiatzen gara beste sektore batzuekin. Tresnak, kudeaketa-ereduak eta enpresa-kultura berria garatzen ikasi beharko dugu, gure enpresek langileek eskatzen dutena eskain dezatela lortu beharko dugu, belaunaldien arteko erreleboari nola heldu pentsatu beharko dugu, eta emakumeek enpresen zuzendaritza nagusian duten presentzia orekatu beharko dugu”, adierazi du Manu Ginerrek.
Talentua eta enpresa-kultura berria
Ekitaldiako hitzaldi nagusia Juan Mancisidor Fabrikako zuzendariak eman du. Enpresen errendimendu-maila eta langileen ongizatea handitzen espezializatutako zentroa da Fabrika. Bertan, talenturik onena erakartzeko beharrezkoa den “enpresa arloko kultura berria” hartzeko deia egin die enpresei, enpresaren kontzeptu tradizionala eraldatuz eta “pertsona guztiek norabide berean arraun egingo duten eta konfiantzan oinarrituta egongo den proiektu partekatu bihurtuz”. Aldaketa kulturaleko prozesu horrek, langileentzako helburu inspiratzaileak, balio partekatuak, konfiantza eta komunikazioa garatzean oinarritutako lidergo “bideratzailea eta eraldatzailea” eskatzen du. Hori guztia, erakundea osatzen duten pertsonen ongizatea handitzeko helburuarekin.
Bere hitzaldiaren ondoren, Juan Mancisidorrek Jon Ander Egaña BASQUE FOOD CLUSTEReko Zuzendariak moderatutako mahai-inguruan partekatu ditu bere gogoetak. Mahai-inguru horretan Clusterreko kide diren bi enpresatan talentua sustatzeko arduradunak ere egon dira: Monica De La Iglesia Rámila EULEN Taldeko iparraldeko zonalderako Langileen Hautaketako burua, eta Generosa Cerviño Indaux Taldeko eta Gourmet Okin Taldeko Pertsonen Zuzendari Korporatiboa.
Euskadiko elikagaien sektorearen enplegu arloko erronka nagusiak
Arantxa Marroquín BASQUE FOOD CLUSTEReko Talentu arloko arduradunak itxi du hitzaldien tartea, enpresek enpleguaren arloan identifikatutako erronka nagusiak azalduz. Horien helburuen artean, datozen urteetan langileen kontratazioa handitzea dago, belaunaldien arteko beharrezko erreleboari berme osoz erantzun ahal izateko; izan ere, 55 urtetik gorako langileen presentzia lanpostuen % 23ra iristen da EAEko elikadura-katean.
Alde horretatik, hurrengo urteetarako langileen eskaria % 12,7 handituko dela aurreikusten da, gaur egun eta oro har –lehen sektorea, eraldaketa-industria, banaketa eta merkaturatzea eta HORECA kanala batuz– 140.000 pertsonari enplegu zuzena ematen dien balio-katearen barruan.
BASQUE FOOD CLUSTERek abian jarritako ITALENT FOOD ikerketa-proiektutik ateratako datuak dira. Proiektu hori, Gipuzkoako elikagaien enpresa-sarean kalitatezko enplegua sortuz talentua erakartzeko eta leialtzeko gaitasuna hobetzeko jarri zen abian. Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko Departamentuak sustatu eta finantzatuta, enpresei trantsizio teknologiko-digital, energetiko-klimatiko eta sozio-sanitarioen ondoriozko erronkei aurre egiten laguntzea du helburu, langileen gogobetetasuna hobetzean, etengabeko prestakuntzaren garrantzian eta belaunaldien arteko erreleboa ziurtatzean arreta berezia jarriz. Bere garapenean BASQUE FOOD CLUSTEReko kide diren berrogeita hamar enpresa inguruk hartzen dute parte, baita prestakuntza-zentroen sare batek, Prospektiker enpresak eta LKS Next aholkularitza-taldeak ere.
Azkenik, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak itxi du jardunaldia.