Elikaduraren (Basque Food Cluster), Ingurumenaren (Aclima) eta Mugikortasunaren eta Logistikaren (MLC-ITS Euskadi) euskal klusterrek, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin eta Etorkizuna Eraikiz programaren barruan, “Foodelivery” azterlanaren emaitzak aurkeztu dituzte. Euskadin elikagaien erosketak egiteko banaketa-modalitate desberdinek ingurumenean duten eraginari buruz egindako lehen ikerketa da, eta “click & collect” (online eskaera egin eta jasotzera joan) eta hurbileko merkataritzan erosketak egitea adierazten du, ingurumena gehien errespetatzen duten aukera bezala, betiere joan-etorriak oinez egiten badira.
Aurkezpena Donostiako San Martin Merkatuan egin da, eta bertan Xabier Arruti Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdeko diputatua, Jon Ander Egaña Basque Food Clusterreko zuzendari nagusia, Olga Martín Aclimako zuzendari nagusia eta Fernando Zubillaga Euskadiko Mugikortasun eta Logistika Klusterreko zuzendari Nagusia izan dira.
Ikerketa Gipuzkoan egin da, eta hainbat banaketa modalitate hartu ditu kontuan erosketa establezimendu motaren arabera egiteko orduan (hipermerkatua, supermerkatua, auzoko denda tradizionala eta online). Beste gai batzuk ere baloratu ditu, hala nola kontsumitzaileen desplazamendu mota (oinez, bizikletaz, motorrez, autoz), erosketa etxera eramateko moduak (baliabide propioekin edo etxera bidalita) eta paketatzeko elementuak eta garraiorako erabilitako poltsak. Azterketa osatzeko, gainera, kontsumo-ohiturei buruzko inkesta bat egin da, bai eta herritarrek establezimendu motaren arabera nahiago dituzten desplazamendu-motei buruzkoa ere.
«Foodelivery ikerketa berritzailea da, eta, eragile anitzeko parte-hartzeari esker, datu errealak eta lokalak lortu ahal izan ditugu, banaketak elikagaien erosketak egitean ingurumenean eragiten duten faktoreak modu objektiboan neurtu eta kuantifikatzeko, erantzunetan koordinazioak eta kontzientziazio kolektiboak duten garrantzia erakutsiz», azaldu dute klusterrek.
Aldagai horiek guztiak kontuan hartuta, ondorioa da “click & collect” delakoa ingurumen-inpaktu txikiena duen aukera dela (16,3 gramo CO2 baliokide erosketa-kilogramo bakoitzeko). “Eskaera online egiteak inpaktu txikiagoa du, dendaren klimatizaziotik eta argiztapenetik eratorritako kontsumo txikiagoa eskatzen duelako; izan ere, eskaera prestatzen duen pertsonak dendara joaten den pertsona batek baino denbora laburragoan egiten du, eta, beraz, energia-kostuak txikiagoak dira”, azaldu dute ikerketaren egileek.
Horrela, azterlanaren beste ondorio batzuen artean, egiaztatu ahal izan da, adibidez, erosketak garraiatzeko eta banatzeko erabilitako ‘packaging’ak %3tik beherako karbono-aztarna duela erosketa-prozesu osoan, eta “garraioa, bai norberarena, bai etxez etxeko banaketarena, dela kontzeptu adierazgarriena“.
Neurri zehatzetarako lehen urratsa
Jon Ander Egaña Basque Food Clusterreko zuzendari nagusiak nabarmendu duenez, “Foodelivery lehen urratsa da prozesuaren etapa guztietan metrikak izateko, elikadura-erosketen ingurumen-inpaktua murrizteko neurri zehatz eta eraginkorrak hartu ahal izateko”.
Alde horretatik, Fernando Zubillaga Euskadiko Mugikortasun eta Logistika Klusterreko zuzendari nagusiak konpromisoa hartu du elikadura-enpresekin batera lan egiteko, “kontsumitzaileei elikagaiak kalitatez eta azkar helarazteko erronkari aurre egiteko, eta ingurumenean ahalik eta eragin txikiena izateko”. Izan ere, Klusterrak HERMES proiektua aurkeztu du Europako 4 klusterrekin batera, ildo horretan aurrera egiteko.
Bestalde, Aclimako zuzendari nagusiak, Olga Martinek, gogorarazi du gizartea eta enpresak gero eta gehiago jabetzen direla jarduerek ingurumenean duten eraginaz, eta “alde batetik, enpresek modu zehatz eta eraginkorrak bilatzen dituzte inpaktu hori murrizteko neurriak, baina kontsumitzaileek ere hala egiten dute beren kontsumo-ereduak arduraz aukeratzean; guztion arteko lankidetzan egin beharreko lana da”.
Ildo horretan, Xabier Arruti Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdeko diputatuak azpimarratu du garrantzitsua dela elikadura jasangarriaren erronka handiari modu partekatuan heltzea. Zentzu horretan, Gipuzkoan 2020tik egiten ari den lana gogorarazi du, Gipuzkoa Deep Demonstration ekimena lehen urratsak ematen hasi zenetik, Etorkizuna Eraikiz ekimenaren esparruan eta Climate Kicen eta lurraldeko hainbat eragileren eskutik.
Gogorarazi duenez, azken bi urteotan hogeita hamar bat proiektu babestu dira, milioi eta erdi euro baino gehiagorekin, eta hainbat ikuspegitatik heltzen diote elikadura iraunkorrari lotutako misioari; horien artean dago “Foodelivery”: “Misioetara bideratutako berrikuntzaren ikuspegitik ari gara lanean, eragileak eta herritarrak tartean sartuz, eta baserritar guztien lana babestuz. Eremu honetan abangoardiako eskualdeen artean kokatu nahi dugu lurraldea, tokiko lehen mailako ekoizpen jasangarria bultzatuz, kontsumo arduratsua sustatuz, elikagaien eta gastronomiaren industria lehiakorragoa eginez, eta elikadura-kate eraginkor, zirkular eta sozialki arduratsua sustatuz “, nabarmendu du.
Kontzientziazio-kanpainak
Lehenengo neurri gisa, datuak ezagutu ondoren, ‘Zure erosketa jasangarriagoa egiten duten keinuak’ kontzientziazio-kanpaina lantzen hasi da. Kanpaina hori San Martin azokako leihatiletan zabalduko da, eta Donostiako erdigunea ere zeharkatuko du Txitako bizikleta-gurdi batean, herritarren artean eguneroko keinuen garrantzia zabaltzeko. Izan ere, kontsumo-ohiturei buruzko azterlanaren arabera, kontsumitzaileen %50 prest egongo litzateke bere ohiturak aldatzeko, bere ekintzen eragina jakingo balu.
Zentzu horretan, Mª Mar Escrig EROSKI taldeko Online Negozioko zuzendariak, euskal lurraldean online kanalaren liderrak, azaldu duenez, “EROSKIn etengabe lan egiten dugu kontsumitzaileek gure formatu eta kanal guztietan beren beharrei erantzutea errazteko. Horretarako, egunero berritzen dugu, osasunaren eta iraunkortasunaren alderdiak kontuan hartuta, gure erabaki guztietan. Zehazki, online EROSKIn 80 bilketa-puntu baino gehiago ditugu, eta horietan bezeroek doan jaso dezakete Internet bidez egin duten eskaera, eta erosteko aukera horren aldeko apustuari eusten diogu, %25etik gorako igoerarekin azken urtean, kontsumitzaileek zerbitzu hori etxetik gertu izan dezaten “.
Klusterren arteko lankidetza, enpresekin, erakundeekin eta herritarrekin
‘Foodelivery’ berrikuntza-proiektu bat da, eta klusterren arteko ikerketan eta lankidetzan oinarritzen da, enpresen, erakundeen eta herritarren parte-hartzearekin. Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatu eta finantzatu du proiektua, Etorkizuna Eraikiz GipuzkoaLab programaren bidez. Proiektu berritzaileak dira, elikadura jasangarriaren misioetara bideratuak eta mugikortasun berrikoak, eta berrikuntza-jarduerak, ikerketak edo prototipoak jasotzen dituzte, elkarlaneko eta lankidetzako logika batean.
Bertan, Eroski, Uvesco, San Martin Merkatua eta Txita enpresek aktiboki parte hartu dute, eta azterketa egiteko beharrezkoa den informazioa eman dute. IK Ingeniaritzak (ingurumen-inpaktuaren azterketa egin du), Prosumerlabek (kontsumitzailearen azterketaren kontura) eta ROSek (kanpainaren diseinua) ere parte hartu dute ikerketan. Gainera, kanpaina hau elkarrekin sortzeko saioan parte hartu dute: Sinnple, Algaloop, Bromalgae, Eatamigo, Gaztaren Institutua, Izadi 21, IED Kunsthal eta ia hamar bat gipuzkoarrek.