GAURKOTASUNA

CHOVÍK BERE HAZKUNDEAREN GAKOAK AZALDU DITU: TOKIKO MARKA IZATETIK ESPAINIAKO MERKATUAN ERREFERENTE IZATERA

Marka-estrategia, negozioaren dibertsifikazioa eta merkataritza-estrategia argia funtsezkoak izan dira Chovíren bilakaeran. Agustín Martiño konpainiako negozio-gerenteak ibilbide horren berri eman zien BASQUE FOOD CLUSTEReko enpresei, CAPACITA+ programako beste jardunaldi batean.

Urriaren 30ean, «DE LOCAL A LÍDER: El caso de crecimiento de Choví» jardunaldia egin genuen BASQUE FOOD CLUSTERen. Valentziako familia-enpresa horrek Espainiako merkatuan bere posizioa nola sendotu duen eta lehia handiko ingurune batean marka ezaguna nola eraiki duen bertatik bertara ezagutzeko aukera izan genuen.

Chovík 76 urteko historia du, eta familiaren bigarren belaunaldiaren esku dago. Enpresak sendo eta etengabe hazten jarraitu du, eta 2025ean 80,5 milioi euroko fakturazioa lortu zuen.

Gaur egun, lau negozio-unitatetan banatzen du jarduera. Dibertsifikazio horri esker, merkatu bakoitzerako estrategia berezia garatu du, eta estrategia bakoitza bere merkatuaren beharretara egokituta gauzatu ahal izan du.

Erronkei aurre egiteko hazkunde-estrategia

Agustín Martiñok enpresak izan dituen erronka nagusiak azaldu zituen. Horietako batzuk konpainiaren lehentasun estrategikoen artean daude oraindik ere.

Erronka horiei aurre egiteko, Chovík bi ardatz nagusiren inguruan antolatu zuen plan estrategikoa: marka-estrategia eta merkataritza-estrategia. Helburua merkatuan zuen posizioa sendotzea, hazteko aukera berriak zabaltzea eta merkatuan presentzia handiagoa lortzea zen.

Marka-identitate koherentea, hazkundearen bultzatzaile

Chovík beste marketatik bereizteko eta kontsumitzaileengana hurbiltzeko bere marka-identitatea nola landu duen ezagutzea izan zen jardunaldiko gai nagusietako bat.

Konpainiak hiru ezaugarri ditu oinarri merkatuan bere lekua egiteko: jatorri valentziarra, tradizioari lotutako izaera eta izaera dibertigarri eta lagunkoia. Horietatik abiatuta, tradizioari, familiari, komunitate bateko kide sentitzeari eta elkarrekin bizitako uneei lotutako komunikazioa lantzen du, tonu alai eta hurbilarekin, bere izaerari leial.

Martiñok kanpainen adibide zehatzak erakutsi zituen, ezaugarri horiek marketineko eta komunikazioko ekintzetan nola islatzen diren azaltzeko. Ekintza guztietan marka-irudi koherentea eta erraz ezagutzeko modukoa mantentzen dute.

Lan horrek, merkataritza-estrategiarekin batera, emaitzak ekarri ditu. Choví ezagunagoa da orain, eta saltsen kategorian etxe gehienetara iristen den bigarren marka bihurtu da. Horrela, lehiatzeko posizioa sendotu du. Gainera, saltsen kategoria hazten lagundu du, eta, aldi berean, bere merkatu-kuota handitu du.

Beste enpresen esperientzietatik ikastea, hazten jarraitzeko

Jardunaldiak Sareak Indartzen ekimeneko Merkataritza eta Marketin taldean parte hartzen duten enpresek adierazitako interes bati erantzun zion: eskualdeko merkatutik harago hazi eta merkatu zabalago batean lider izatea lortu duten konpainien esperientziak ezagutzea.

Chovíren kasuak hazkunde-estrategia baten emaitzak ezagutzeko aukera eman zuen, baita emaitza horietara iristeko hartutako erabakiak, izandako zailtasunak eta ikasitakoa ere.

Saioak berriz ere erakutsi zuen enpresen esperientziak partekatzea baliagarria dela aukera berriak aurkitzeko, ikuspegiak alderatzeko eta euskal elikadura-kateko enpresen lehiakortasuna indartzen jarraitzeko.

 

INTERESATZEN ZAIZU...