GAURKOTASUNA

Berrikuntza, balio erantsia eta kontsumitzailearengana zuzendutako fokua: elikagaien enpresen errezeta etorkizun hurbilenari arrakastaz aurre egiteko

BASQUE FOOD CLUSTERek Euskadiko elikagaien enpresetako zuzendarien topaketa antolatu du Jordi Llach Nestlé Españako zuzendari nagusiarekin

“Duten arintasunarengatik, enpresa txikientzat errazagoa izango da agertoki berrietara egokitzea eta lehiakorrak izaten jarraitzea”, adierazi du Llachek

Gaur egungoa bezala ziurgabetasunez beteta dagoen egoera batean, elikagaien enpresek berrikuntzaren bidez hazteko apustua egin beharko dute, arreta kontsumitzaileen behar berriei erantzutean jarrita eta lehiakideengandik bereizteko aukera emango dien balio erantsian oinarrituta. Hala adierazi du Jordi Llachek, Nestlé Españako zuzendari nagusiak, Euskadiko elikaduraren balio-kate osoko berrogeita hamar zuzendari, kudeatzaile eta goi-kargudunekin egin duen bileran. BASQUE FOOD CLUSTERek antolatutako ekitaldiak, enpresek egungo egoerak dakartzan zalantzak eztabaidatzeko eta partekatzeko aukera eman duen elkarrizketa irekia sortzeko bidea eman du.

Sarrera, Manu Giner BASQUE FOOD CLUSTEReko presidenteak egin du, eta azken hilabeteetan sektoreak aurrean dituen erronkei eta 2023ra begira agertokiak diseinatzeko eta erabakiak hartzeko orduan dagoen ziurgabetasunari enpresekin batera heltzeko nahiaren barruan azaldu du jardunaldia. Horretarako, mundu osoko 186 herrialdetan dagoen eta guztira 270.000 pertsonatik gorako plantilla duen Nestlé bezalako talde batek ematen duen sektorearen “ikuspegi orokorra” izateko aukeraz azpimarratu du.

Bere hitzaldian, Jordi Llach Nestlé Españako zuzendari nagusiak, deia egin die enpresei, “jarrera malgua eta jokaleku berrietara egokitzeko modukoa” izan dezaten. Horretarako, funtsezkotzat jotzen du zuzendaritzako postuetan “ziurgabetasuna lasaitasunez eta energiaz kudeatzen dakiten pertsonak izatea; izutu gabe, baina baikortasuna fantasiarekin nahastu gabe”.

Hala ere, epe laburrean egokitzeko beharrezkoa den gaitasun horrek ez du eraginik izan beharko enpresaren estrategiaren ildo nagusietan. Nestléren kasuan, jasangarritasunaren eta berrikuntzaren aldeko apustua nabarmentzen da lehiarako palanka nagusi gisa. “Azkenaldian, marka zuriek izugarri hobetu dute euren produktuen kalitatea. Harago doan zerbait eskaintzea lortzen ez badugu, galduta egongo gara, eta hori berrikuntzaren bidez baino ez da lortzen”, azpimarratu du Jordi Llachek.

Jasangarritasunaren arloari dagokionez, Nestléren ardatz estrategiko gisa duen garrantzia azpimarratu du. “Gure DNAn dago. Konponbidea ez dago enpresa bakar baten esku, baina gure helburua hazkunde jasangarria bultzatzea eta planeta hobea lortzen laguntzea izan behar da”, adierazi du.

“Foku osoa kontsumitzailearengan”

Berrikuntza horrek merkaturatzean arrakasta izatea lortzeko, “modu bakarra dago: foku osoa kontsumitzailearengan jartzea”. “Kontsumitzailea lehiakideak baino hobeto ezagutu behar duzu, behar duena aldez aurretik ulertu behar duzu eta modu lehiakorrean eskaintzen jakin behar duzu”, adierazi du Jordi Llachek. “Horregatik, pertsona askorentzat prezioak aldagai garrantzitsua izaten jarraituko duen arren, aldagai kritikoa Balioa da: kontsumitzaileari bere arazoak gainditzen lagunduko dioten produktuak eta zerbitzuak eskaintzeko gai izatea”, berretsi du.

Nestlé Españako zuzendariaren iritziz, sektorearentzat funtsezkoak diren hainbat gaik, lehengaien eskuragarritasun eskasak edo energiaren garestitzeak, besteak beste, markatutako gaur egungo egoeran “irtenbide bakarra prezioa palanka aktibatuz haztea da”. “Hori bai, kontu handiz”, ohartarazi du. Bere iritziz, “kontsumitzailearentzat garrantzitsua izaten jarraitzea ahalbidetuko dizun prezio mailarekin asmatzea da une honetan konpondu beharreko ekuazio nagusia”. Saioa amaitzeko, Llachek elkarrizketa irekia izan du bertaratutako enpresetako ordezkariekin, Jon Ander Egaña BASQUE FOOD CLUSTEReko zuzendariak moderatuta. Eztabaidan, berrikuntzaren aldeko apustua egiten jarraitzeko eskatu du –“beti da berritzeko unea”–, eta sektoreko enpresa txiki eta ertainek egokitzeko duten gaitasuna goraipatu du. “Euren arintasun eta malgutasunarengatik, enpresa txikientzat errazagoa da datozen agertoki berrietara egokitzea konpainia handientzat baino”, adierazi du.

INTERESATZEN ZAIZU...

PRÓXIMOS EVENTOS