22-02-24. BASQUE FOOD CLUSTERrak ODSFOOD proiektuaren garapena sustatzen du. Berrikuntza-proiektu honen bidez, elikagaien sektoreko enpresa bakoitzak bere abiapuntua eta Garapen Jasangarriko Helburuak (GJH) ezartzean izan dituen aurrerapenak ezagutu ahal izateko, diagnostikorako tresna bat gaitu nahi da. Horrela, enpresek euren jardueran GJHak txertatzeko gaitasuna izango dute, metodologia zehatzei jarraituz eta kontsumitzaileekin egindako aurrerapenak kontrastatuz, eta horrek haien lehiakortasuna hobetuko du. Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatuta, proiektua lurralde horretako elikadura-enpresa txiki eta ertainei dago bereziki zuzenduta; hala ere, emaitzak euskal elikadura sektore osoan izango dira aplikagarri.
ODSFOODen hasierako saioa Donostiako Tabakalera zentroan izan da. Bertan bildu da, sektore osoarentzat erabilgarria eta ulerterraza izango den diagnostiko-tresna diseinatzeaz arduratuko den proiektuaren talde eragilea. Tamaina eta jarduera-mota desberdineko Gipuzkoako elikadura-enpresek osatzen dute taldea, eta kide hauek ditu: Ameztoi Anaiak, Brioche Pasquier Recondo, Dastatzen Group, Elmubas, Euskaber, Mala Gissona eta Xumuxua. Proiektuak, talde traktoreari aholkuak eta laguntza ematen dizkioten Askora eta Uvescoren laguntza ere badu, elikadura-konpainia aurreratuak diren aldetik, bai eta Sinnple gizarte eta ingurumen eragineko aholkularitzaren ekarpena ere.
Balio handiko proiektu partekatuen berrikuntza eta garapena sustatuz bere kide diren enpresen potentziala bultzatzeko eginkizunean, BASQUE FOOD CLUSTERrak elikagaien balio-kate osoan eragina duten zeharkako zenbait erronkari aurre egiten lagundu nahi du, jasangarritasunari, digitalizazioari, talentua erakartzeari edo biztanleriaren zahartze osasungarriari, besteak beste.
Ildo horretan, ODSFOODek elikadura enpresan GJHak ezartzeko bidean aurrera egingo du, ingurumen- eta gizarte-erronkak eta ekonomia arlokoak bateratuz. Horretarako, diagnostikorako tresna bat garatzea eta metodologiak erraztea planteatzen du, konpainiek egungo egoeratik egoera aurreratuagorako trantsizioa egin ahal izan dezaten, ibilbide-orri gisa. Gainera, kontsumitzaileen iritziak integratuko dira prozesuan, eta lortutako aurrerapenak haiekin kontrastatuko dira.
Enpresa bakoitzak GJHei buruz duen egoeraren inguruko informazio zehatza emateaz gain, proiektu honen garapenak diagnostiko sektorial bat lortzea ahalbidetuko du, eta horrek elikagaien sektoreko jarduera-ildo komun eta espezifikoak identifikatzeko bidea emango du. Ikuspegi sektorial hori funtsezkotzat jotzen da sektoreak Agenda 2030en helburuei egiten dien ekarpena modu praktikoan eta eraginkorrean bideratzeko.
ODSFOOD proiektua, Gipuzkoako enpresa-sarearen aukerak, balio diferentziala eta iraunkortasuna sustatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko Departamentuaren Programaren barruan dago.
ODSFOOD proiektuaren erronka nagusiak
Elikagaien sektoreko enpresak2030 Agendaren helburuak lortzeko traktore gisa identifikatu dira, bai duten pisu ekonomikoarengatik eta ingurumen-inpaktuarengatik, bai aurreikusten diren aldaketa demografiko, sozial eta ingurumenekoen ondorioz aukera-eremu izateagatik. Era berean, kontsumitzaileek klimaren eta gizartearen arloetako soluzioetan era aktiboan parte hartzea eskatzen diete enpresei, eta helburu ekonomikoetatik haratago, gizarte- eta ingurumen-helburuak erakusten dituzten marka arduratsuak lehenesten dituzte.
Hala eta guztiz ere, elikagaien sektoreko enpresa askok oraindik ez dute arlo horretako diagnostiko eta jarduera-plan propiorik. Horrela, proiektu honen helburua ezagutza sakonagoa hurbiltzea da, sektorearen eta Gipuzkoako ETEaren idiosinkrasiara egokitua, ingurumen-dimentsioa eta dimentsio soziala enpresa-estrategian txertatzeko abian jarri beharreko ekintzetara egokitua, GJHekin bat etorriz.
Horrela, ingurumen- eta gizarte-mailan duen garrantziaz gehiago jabetuta, bere estrategian garapen jasangarriarekin erlazionatutako gaiak txertatzen dituen, inpaktua murrizteko bere prozesuak eta lan-metodologiak egokitzen dituen eta kontsumitzaileen eskaerak hobeto asetzen dituen elikadura-enpresen eredu berri baterako bidea ireki nahi da.