GAURKOTASUNA

BASQUE FOOD CLUSTERek euskal elikagaien sektoreko enpresen prestakuntza-beharren diagnostikoa jarri du abian

Lan-merkatua sakon eraldatzen ari den testuinguru honetan, eta EAEko elikagaien sektorean belaunaldien arteko errelebo esanguratsua egin behar denez, BASQUE FOOD CLUSTER prestakuntza-beharren diagnostikoa egiten ari da, pertsona gehien enplegatzen dituzten jardueretan oinarrituta: elikagai-industriak eta edarien fabrikazioa (CNAES 10 eta 11).

Proiektu horren helburua hirukoitza da. Alde batetik, aurrerapen teknikoak eta lan-antolamenduak lanbide-kualifikazioetan eragindako aldaketei aurrea hartu nahi die; bigarrenik, euskal elikadura-katearen prestakuntza-premia espezifikoen ezagutzan sakondu nahi du; eta, azkenik, prestakuntzaren eskaintza egungo eta etorkizuneko lanbideen edukien bilakaerara egokitu nahi du.

Azterlana euskal elikadura-kate osoko enpresei eta interesa duten beste eragile batzuei egindako elkarrizketetan oinarrituta egingo da, eta lanbide-gaitasunen gabeziak eta ezagutza teoriko eta praktikoen gabeziak identifikatzea eta hierarkizatzea ahalbidetuko du, langileen prestakuntza hobetzen eta, ondorioz, enpresen lehiakortasuna bultzatzen lagunduko duten prestakuntza-planak gauzatzen laguntzeko.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak diruz lagundutako proiektuak talentu eskasiari eta belaunaldi-errelebo faltari aurre egin behar dieten elikagai-konpainien enplegagarritasuna hobetzen lagundu nahi du. Erronka horri soluzioa emateko elkarrizketak egingo dira enpresekin, egungo eta etorkizuneko profesionalen eskari potentziala aztertzen laguntzeko, eta, horretarako, profesionalen eskaintza eta eskaria egokitzea ahalbidetuko duten prestakuntza-beharrak hautemango dira.

Proiektu hori aurrera eramateko, BASQUE FOOD CLUSTERek Prospektikerren aholkularitza-taldearen laguntza du, eta hura arduratuko da elkarrizketak egiteaz. Enpresen parte-hartze handia lortzea funtsezkoa izango da, hausnarketa-prozesua erraztu eta emaitzen adierazgarritasuna hobetuko baitu. Hori dela eta, Euskadiko elikadura-klusterrak lankidetza eskatu eta sektoreko enpresa guztiak parte hartzera animatu ditu, diagnostiko zehatza eta erabilgarria lortzeko.

INTERESATZEN ZAIZU...