GAURKOTASUNA

BASQUE FOOD CLUSTERek euskal elikagaien balio-kate osoko 400 profesional inguru bildu ditu BECen

2022ko Cluster Egunak jasangarritasuna du ardatz, lehiakortasuna hobetzeko palanka eta enpresentzako aukera-eremu gisa

Euskadiko Elikagaien eta Edarien Industriak (EEI) 1.129 milioi euroko salmentak izan zituen 2021ean nazioartean, hau da, aurreko urtean baino % 24 gehiago. Manu Ginerrek eta Jon Ander Egañak, BASQUE FOOD CLUSTEReko Presidenteak eta Zuzendariak, hurrenez hurren, eman dituzte zifra horiek, gaur goizean BECen 400 profesional inguru bildu dituen 2022ko Cluster Egunaren harira. Aurtengo edizioak, pandemiak behartutako geldialdiaren ondoren egin den lehenengoak, gai nagusi hau izan du: “Jasangarritasuna, lehiakortasuna hobetzeko palanka gisa”, jardunaldi profesionalaren xede izan den sektorearentzako aukera-eremua.

Ekitaldiak BASQUE FOOD CLUSTERaren Bazkideen Batzar Nagusia hartu du. Euskadiko elikaduraren sektoreko erreferentziazko elkartea da, eta gaur egun balio-kate osoko 123 enpresa eta erakunde biltzen ditu. Era berean, urteek aurrera egin ahala euskal elikadura-katearen topagune nagusi bihurtutako gunean berriro ekin zaio enpresa elkartuen produktuen eta zerbitzuen Erakusketa-Dastatzeari.

Hitzaldien txandari hasiera emateko, Xavier Crosek ‘Kontsumitzaile Jasangarriaren Txostena’ aurkeztu du. Clusterraren Behatoki Estrategikoak egin du ikerketa, shopper-aren ezagutzan aditua den Xavierrekin batera. Erosketa-ohiturak eta erosketen saskia betetzean erabaki-faktoreen artean gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari den elikadura jasangarriaren kontsumoa aztertu du. Kontsumitzaileek elikagai jasangarriak erosteko orduan traba nagusia prezioa izan arren, era berean, mota horretako produktuengatik “% 5 gehiago arte” ordaintzeko prest daudela adierazi dute.

Jarraian, “Jasangarritasuna banaketa handian” gaiari buruzko Eztabaida-Mahaia egin da. Jon Ander Egaña BASQUE FOOD CLUSTEReko zuzendariak moderatuta, hiru enpresa banatzaileren garapen jasangarriaren arduradunak bildu ditu: Alejando Martínez de Berriochoa Eroskiko Marketin Estrategikoaren Osasun, Jasangarritasun eta Kalitateko Zuzendaria; Jesús Velasco Uvescoko Finantza eta Jasangarritasuneko Zuzendaria; eta Ricardo Fernández Carrefourreko Kalitate eta Garapen Jasangarriko Zuzendaria.

Azken partean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren finantzaketarekin ODSFOOD proiektuaren barruan sortutako Garapen Jasangarriko Helburuak (GJH) ezartzeko autodiagnostikorako tresna aurkeztu da. Tresna digital horri esker, enpresak bere abiapuntua eta eredu jasangarriagorako trantsizioan izandako aurrerapenak ezagutu ahal izango ditu, ingurumen- eta gizarte-helburuak eta helburu ekonomikoak bateratuz. Azkenik, jardunaldia Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko Sailburuak itxi du.

Sektorearen datu nagusiak

Euskadiko Elikagaien eta Edarien Industriaren (EEI) zifra handien artean, industria eraldatzaileari dagokionez, 2021ean esportazioetan erregistratutako % 24ko hazkundea nabarmentzen da. Datacomex-ek, kanpo-merkataritzako estatistika zerbitzuak, emandako datuen arabera, 1.129 milioi eurora iritsi ziren atzerrira egindako salmentak, eta nabarmen egin zuten gora 2020an izandako % 3ko jaitsiera txikiaren ondoren (910 milioi euro).

2020ko ekitaldiari (erregistratutako azkena) buruzko datu ofizialen arabera, EAEko elikagaien industriaren salmenta guztien ia laurdenak atzerriko herrialdeak izan zituen jomuga (guztizkoaren % 23). Gainerakoetatik, % 26 Euskadin geratu ziren, eta % 51 Estatuan.

Euskal EEIren fakturazioari dagokionez, 2020an 3.877 milioi euro bildu zituen salmentetan (% 19ko jaitsiera). Zifra horretan pandemiaren eragina ikus daiteke, 2019an zenbatekoa 4.790 milioi eurokoa izan baitzen. Industria horretan 15.000 pertsona baino gehiagori lana ematen dieten 1.400 establezimendu daude.

Euskadiko elikaduraren balio-kateari dagokionez —lehen sektorea, industria eraldatzailea, banaketa eta merkaturatzea eta HORECA batuta—, EAEko BPGaren % 10,7 osatzen du, eta 140.000 pertsona ingururi ematen die lana zuzenean.

Kontsumoari dagokionez, Mercasak argitaratu duen ‘Elikadura Espainian’ txostenak adierazten du 2020an Euskadik 1.998,3 euroko per capita gastua izan zuela elikaduran (Estatuko batez bestekoa baino % 16,4 handiagoa). Euskal kontsumitzaileak gastu handiagoa du ardoan (% 24,3), arrainean (% 31,7), fruta eta barazki eraldatuetan (% 34,5) eta txokolate eta kakaoetan (% 30,9); aldiz, gutxiago gastatzen du ur mineralean (% -57,4), zuku eta nektarretan (% -6,5), plater prestatuetan (% -11,7) eta edari freskagarrietan (% -7,5).

INTERESATZEN ZAIZU...