GAURKOTASUNA

BASQUE FOOD CLUSTERek elikagaien arloko ETEei jasangarritasuna neurtzen eta lehiakortasuna irabazten laguntzeko doako tresna bat atera du

FoodESG proiektuak, Europako irizpideetara eta merkatuaren eskakizunetara egokitzeko baliabide praktiko bat eskaintzen die enpresei

BASQUE FOOD CLUSTERek, ESG irizpideetan eta Europako txosten estandarretan oinarritutako jasangarritasun memorien elaborazioan laguntzeko doako tresna digital bat jarri du Euskadiko elikadura eta edari enpresa guztien eskura. Bezeroek, administrazioek eta merkatuko beste eragile batzuek gero eta gehiago eskatzen dituzte txosten horiek, enpresek jasangarritasunarekin duten benetako konpromisoa erakusteko aukera ematen baitute, ospe korporatiboa indartzeaz, inbertsioak erakartzeko erraztasunak emateaz eta epe ertain eta luzean negozioaren bideragarritasuna bermatzen laguntzeaz gain. BASQUE FOOD CLUSTERen webgunean dagoeneko eskuragarri dagoen eta bereziki ETEei zuzentzen zaien tresna horren bidez, enpresek modu errazean eman ahal izango dute euren aurrerapenen berri eta euren ekarpenaren balioa nabarmendu ahal izango dute, administrazio-karga handia hartu beharrik gabe.

Produktua kaleratzeak amaiera eman dio BASQUE FOOD CLUSTERek EROSKIren eta gizarte eta ingurumen inpaktuari buruzko Sinnple aholkularitzaren laguntzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren finantzaketarekin garatutako FoodESG proiektuari. Ildo horretan, EROSKIk bere esperientziatik eta jasangarritasunarekiko konpromisotik egindako ekarpena funtsezkoa izan da proiektua bultzatzeko. Lankidetza hori, tokiko enpresa hornitzaileei, bereziki ETEei, jasangarritasunaren arloko etorkizuneko baldintzetara egokitzen laguntzeko diseinatutako Tokiko Hornitzaileei Laguntzeko Programaren barruan dago.

ESG siglek enpresa baten jasangarritasuna zehazten duten ingurumen, gizarte eta gobernu oneko faktoreei egiten diete erreferentzia. Tresna horri esker, enpresek pixkanaka, gardentasun-maila handiagoa eta elikadura-kate osoari kontuak ematea eskatuko duten Europako arau-esparru nagusiei erantzun ahal izango diete. Helburua ETEei, euren interes taldeei begira lehiakortasuna irabazten eta erakargarriagoak izaten laguntzea da, eta euren jardunbide onak eta erakundeak eremu horietan egiten duen lanaren jarraipena egiteko beharrezkoak diren adierazleak eta helburuak islatzeko aukera ematea.

Tresna erabili ondoren, enpresek, arlo horretan egiten dutenari balioa emateaz gain, aurrera egiten jarraitzeko bide orri gisa balioko duen jasangarritasun memoria bat lortzen dute, haien indarguneak, hobekuntza arloak eta ekintza aukerak identifikatzeko aukera ematen baitu.

Jasangarritasuna lehiakortasunaren palanka gisa

BASQUE FOOD CLUSTERek bultzatutako soluzioak elikagai enpresa baten jasangarritasuna neurtzeko funtsezko esparru guztiak barne hartzen ditu: karbono aztarna eta eraginkortasun energetikoa; uraren, biodibertsitatearen eta animalien ongizatearen kudeaketa; ekonomia zirkularra eta elikagaien xahuketaren murrizketa; langileen lan baldintzak, osasuna eta ongizatea; genero berdintasuna, aniztasuna eta inklusioa; gobernantza korporatiboa eta Garapen Jasangarrirako Helburuetarako ekarpena (GJH). Prozesuaren emaitza gisa, enpresek txosten osoa eta xehatua lortzen dute, bezeroei, administrazioei eta gizarteari euren aurrerapenen eta hobekuntza planen berri emateko.

Aldi berean, FoodESG proiektuak gizarte arloan aurrera egiteko erreferentziazko bi elementu ere jartzen ditu enpresen eskura: tresna praktikoak eta hobekuntza proposamenak jasotzen dituen Genero berdintasunerako gida bat, eta inklusio formulak eta enpresa jardunbide onak biltzen dituen Desgaitasuna duten pertsonak laneratzeko gida bat.

Proiektu horren esparruan beste eduki interesgarri batzuk ere izan dira, hala nola soluzio praktikoen eta esperientzia arrakastatsuen bitartez uraren eta energiaren erabilera murriztearen onurak ezagutarazi dituen webinar bat; baita tailer praktikoen ziklo bat ere, ETEei euren karbono aztarna kalkulatzeko behar dituzten ezagutzak emateko. Itxiera gisa, jardunaldi bat egin zen Donostian, eta, FoodESG tresna aurkezteko balio izateaz gain, EROSKIk, Goenaga Esnekiak eta Conservas Camposek jasangarritasunari buruzko eztabaida batean hartu zuten parte, sektoreko enpresen lehiakortasuna indartzeko funtsezko elementu gisa. Era berean, BASQUE FOOD CLUSTERek aktibo mantentzen du ODSFOOD tresna. Enpresei aukera ematen die euren egoera eta aurrerapenak autodiagnostikatzeko euren jarduerak gehien eragiten dien Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) txertatzean, eta horrek euren baliabideak inpaktu handiena izan dezaketen lekuetan bideratzeko aukera ematen die. Soluzio digital horri esker, euskal elikadura kateko berrogeita hamar enpresa baino gehiagok GJHak txertatu dituzte bere estrategian.

FoodESG eta ODSFOODekin, ETEek bi tresna osagarri dituzte jasangarritasunean egiten duten jardueraren erradiografia osoa egiteko. Horrela, euren konpromisoaren ikuspegi argia eta egiaztatua eman diezaiekete euren interes taldeei. Edozein zalantza argitzeko edo tresna horiek erabiltzen laguntzeko, enpresak BASQUE FOOD CLUSTERekin jar daitezke harremanetan.

INTERESATZEN ZAIZU...