Cluster Eguna euskal elikagaien ekosistemarako funtsezko topagune gisa finkatu da, hitzaldi, eztabaida estrategiko eta produktuen erakusketekin
Jardunaldiak lankidetza, berrikuntza eta merkaturako orientazioa ditu ardatz, enpresa lehiakortasunaren palanka nagusi gisa
San Mames estadioa izan da BASQUE FOOD CLUSTERek urtero antolatzen duen eta euskal elikadura ekosistemarentzat ezinbesteko hitzordu gisa finkatu den 2025eko Cluster Egunaren agertokia. ‘Lehiakortasuna suspertzea: hazkunde iraunkorrerako gakoa’ lelopean egin den edizio honek Euskadiko elikagaien balio kate osoko 600 profesional inguru bildu ditu. Ekitaldian BASQUE FOOD CLUSTEReko Bazkideen Batzar Nagusia egin da. Elkarteak 162 enpresa ditu bere sozietate-oinarrian, eta EAEko BPGren % 9,37 eta enpleguaren % 13,58 (137.000 enplegu zuzen baino gehiago) ematen duen sektorearen erreferente da. Jardunaldi profesional bat ere egin da, gaurkotasuneko hitzaldi eta eztabaidekin, baita elkarteko kide diren enpresen produktu eta zerbitzuen Erakusketa-Dastaketa ere. Azoka eran antolatutako gune horretan 65 konpainiak beren elaborazioak eskaini dizkiete bertaratutakoei.
Jardunaldi profesionalaren hasieran, Manu Giner BASQUE FOOD CLUSTEReko presidenteak enpresen lehiakortasuna indartzeko beharra azpimarratu du, sektorearentzat bereziki zorrotza den testuinguruan. “Ziurgabetasun geopolitikoak, kostuen igoerak eta egiturazko disrupzioek, hala nola belaunaldien arteko erreleboak edo egokitzapen teknologikoak, markatutako urteetatik gatoz”, adierazi du. Egoera horren aurrean gogorarazi du Clusterraren eginkizun nagusia oraindik ere bere bazkide diren enpresei laguntzea dela, lehiakorragoak izan daitezen, lankidetza proiektuak aktibatuz eta balio partekatua sortuko duten konexioak erraztuz.
Xede horren ildotik, Ginerrek 2024-2027 Plan Estrategikoaren hedapena aurkeztu du. Plan Estrategikoaren laugarren ardatza –enpresekiko lotura indartzea– hainbat ekintzatan ari da gauzatzen, hala nola Sareak Indartzen proiektuaren berraktibazioa, enpresen arteko lotura sendoak esperientzia partekatuen bidez ehuntzeko ekimen aitzindaria. “Proiektuak prestatu aurretik, konfiantza prestatu behar da”, adierazi du presidenteak, eta azpimarratu du BASQUE FOOD CLUSTERen benetako balioa “enpresek elkarrekin inspiratzen, ulertzen eta eraldatzen duten sare bizia izatea” dela.
Ondoren, José María Bonmatí, kontsumo handiko 33.000 enpresa fabrikatzaile eta banatzaile baino gehiago biltzen dituen AECOCeko zuzendari nagusiaren hitzaldia etorri da. Estatuan sektorean eragin handiena duen ahotsetako bat gisa aintzatetsia, Bonmatik efizientzian, baliorako orientazioan eta egungo erronketara egokitzean oinarritutako ikuspegi estrategikoa eman du. AECOCen buru izan den bi hamarkada baino gehiagoko esperientziak eredu lehiakorragoetara, jasangarriagoetara eta elkarlanekoagoetara bideratutako horizonte partekatua marrazteko aukera eman du.
Lehiakortasuna suspertzea
Jardunaldiarekin jarraitzeko, mahai-inguru batean bildu dira Alfonso Sáenz de Camara Udapako gerentea eta Isabel Iturbe Bizkaiko Emakumezko Enpresari eta Zuzendarien Elkarteko (AED) presidentea, José María Bonmatí berarekin batera. Jon Ander Egaña BASQUE FOOD CLUSTEReko zuzendariak moderatuta, elkarrizketaren ardatza izan da zelan bultzatu elikaduraren sektorearen lehiakortasuna ingurune aldakor batean, hainbat gai jorratuz, hala nola eraldaketa digitala, jasangarritasuna, balio erantsiaren sorrera edo talentua erakartzeko beharra, ziurgabetasunak, kontsumo ohituren aldaketak eta gero eta presio arautzaile handiagoak markatutako testuinguruan.
Ildo horretan, eredu lehiakorra berriro pentsatzeko beharra planteatu da, jasangarritasuna, osasuna eta hurbiltasuna bezalako faktoreak ardatz estrategiko gisa txertatuz. Era berean, nabarmendu da berrikuntza eta bereizketa funtsezkoak direla produktuaren hutsalkeria saihesteko, eta kontsumitzailearekin konektatutako kontakizunak eraikitzeko gaitasuna, berriz, funtsezkoa dela markaren eta merkatuaren arteko lotura indartzeko. Eztabaidaren beste puntu nagusietako bat lankidetzaren garrantzia izan da; izan ere, bakarrik lehiatzea gero eta zailagoa da eta lankidetzak –bai balio katearen barruan, bai sektoreen artean–, sinergiak sortzea, eraginkortasuna irabaztea eta talentua erakartzea ahalbidetzen du.
Azkenik, Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak eman dio amaiera jardunaldi profesionalari.

65 enpresa erakusketari
Ekitaldiari amaiera emateko, Cluster Egunak BASQUE FOOD CLUSTEReko 65 enpresa bazkidek euren produktuak eta zerbitzuak erakutsi eta probatzera eman dituzten erakusketa eta dastatze gunea eskaini du. Espazio hori erreferente bihurtu da dagoeneko ekitaldiaren barruan, profesionalen arteko topaketak bultzatzen dituelako eta sektorearen aniztasunaren irudi bizia ematen duelako.
Hauek izan dira erakusketariak: ADESA, Ama Brewery, Ameztoi Anaiak, Angulas Aguinaga, AON, APRORA, Bab Hospitality (Waam Drinks & Magüi Basque Cheesecake), ARAEX Arabako Errioxa, Okin (Artadi Alimentación), AZTI, Alkorta Bakailaoak, Basatxerri, Goe Tech Center (BCC), Biribil Brothers, Gorka Izagirre Upategia, Hika Upategia, Elosegi Upategiak, Fortaleza Kafea, Baqué Kafeak, Casa Eceiza, Cianco, Comercial Hostelera, Ortiz Kontserbak, Zallo Kontserbak, Delicass, Acha Destilategiak, Dibal, Alakrana De Echebastar, Ederto, Eguren Ugarte, Elkolab, Eroski, Eulen, Eurofins, Euskaber, Frío Freire, Garlan S. Koop., Gastronorte Alimentación, Gelati Gelati,
Gesalaga Okelan, Hiruzta Upategia, Ilarre Management, Insalus, Iparfrio, Iparlat, Kide Koop. Elk., Kroketak, La Salve, Madari, Mairu, Merieux, Natra, OPPAO, Ostatu, Quesos Aldanondo, Añanako gatza, Sin Ley Foods, Stef, BM Supermerkatuak (Uvesco), UDAPA, Ulma Inoxtruck, Ulma Handling Systems, EHU, Urkabe Benetan eta Vrizzo.
