GAURKOTASUNA

BASQUE FOOD CLUSTERek 15 urte bete ditu euskal elikagaien enpresen lehiakortasuna eta balioa bultzatuz

  • 2024ko Kluster Egunak elikagaien balio-kate osoko 400 profesional baino gehiago bildu ditu Gasteizko Europa Jauregian

  • 15 urte hauetan zehar, elikagaigintza Euskadiko sektore estrategikoen artean kokatu da, BPGaren % 9,37 eta enpleguaren % 13,58 betez

BASQUE FOOD CLUSTERek urtero antolatzen duen 2024ko Kluster Eguna euskal elikaduraren balio-kate osoko profesionalentzako topagunea da, eta sektorearen erreferentzia den eta ia 150 enpresa eta erakunde biltzen dituen elkartearen 15. urteurrena ospatzeko balio izan du. Ekitaldia Gasteizko Europa Jauregian egin da, eta jardunaldi profesionalean 400 pertsona baino gehiago bildu ditu. Jardunaldian, gainera, euskal elikagaien sektorearen etorkizunari begiratu ahal izan zaio, merkatuan lehiakorrak izaten jarraitzeko enpresek dituzten erronka nagusiak mahai gainean jarriz.

2009an sortu zen, Euskadiko Elikaduraren Klusterra izenarekin, eta 30 bat enpresak osatutako sozietate-oinarriarekin. Elkarteak hazkunde nabarmena izan du azken 15 urteotan, kualitatiboki eta kuantitatiboki, EAEko elikagaien balio-katearen erreferentziazko erakunde bihurtuz. Katalizatzaile-roletik, aurretik sakabanatuta eta batasunik gabe zegoen sektorearen harmonizazioa bultzatu du, eta Euskadiko sektore estrategikoen artean kokatzea lortu du; izan ere, gaur egun, EAEko BPGaren % 9,37 eta enpleguaren % 13,58 betetzen du (zuzeneko 137.000 lanpostu baino gehiago).

Gaur egun, 148 dira jada BASQUE FOOD CLUSTEReko kide diren enpresa eta erakundeak. Hori da elkartearen nortasun korporatibo berria 2022tik. Enpresa horiek elikagaien balio-katearen maila guztietakoak dira –lehen sektoretik hasi eta HORECA kanaleraino– eta, prozesu parte-hartzailearen bidez, lehiakortasuna bultzatzeko gainditu beharreko erronken dekalogoa identifikatu dute. Erronka horiek 2024-2027 Plan Estrategikoan daude jasota, eta elkarteak aldi horretan egingo dituen jarduerak gidatuko ditu.

Lehenengo erronkak sektoreak Euskadin duen dimentsioa aipatzen du; izan ere, enpresa gehienak ETEak dira, eta haien baliabideak mugatuak dira merkatu globalean lehiatzeko. Beraz, enpresak sendotzea eta handitzea funtsezkoa da euskal enpresak merkatu globalean duen posizioa indartzeko.

Era berean, tamaina ere oso garrantzitsua da aipatutako beste erronka bati heltzeko orduan, ingurumen-eskakizun berriek eragindako lege-konplexutasunari, hain zuzen ere. Jasangarritasunak elikagai-jarduera guztietan funtsezko zutabea izan behar duela sinetsita, enpresek malgutasuna eta erraztasunak eskatzen dituzte eskatzen zaizkien izapide burokratiko guztiak egiteko.

Beste erronka batek talentua aipatzen du belaunaldien arteko erreleboa ahalbidetzeko ezinbesteko elementu gisa. Horrela, 2024-2027 Plan Estrategikoak karrera-plan motibatzaileak garatzearen aldeko apustua egin dezatela eskatzen die enpresei, beren plantillak inplikatzeko eta beren arrakasten partaide bilakatzeko, elikaduraren ingurunea pertsonek bizitza-proiektu duinak eta aberasgarriak garatzeko erakargarria izan dadin.

Nazioarteko merkatuetan presentzia sustatzea, balio-kate osoaren digitalizazioa bultzatzea, kontsumitzaileen ezagutza sustatzea eta haien beharrak ezagutzea berrikuntza bideratzeko gida gisa, edo elikagaien ekosistema osoaren lerrokatzea bultzatzea erronkei modu integralean eta koordinatuan aurre egiteko, horiek dira BASQUE FOOD CLUSTEReko enpresek identifikatutako beste erronka nagusietako batzuk.

Jardunaldi profesionala

Jardunaldiaren sarreran, Manu Giner BASQUE FOOD CLUSTEReko presidenteak elkarteak bere 15 urteetan izandako hazkundea azpimarratu du. “Modu nekaezinean egin dugu lan euskal elikagaien sektorea merezi duen lekuan kokatzeko, berrikuntzan, kalitatean eta enpresa egiteko jakindurian abangoardian egoteko. Kluster Eguna ospatzeko eta harro egoteko arrazoia izateaz gain, elikagaien bikaintasunarekin eta gure enpresen lehiakortasunarekin dugun etengabeko konpromisoaren lekuko ere bada”, adierazi du.

Jarraian, “Elikagaien sektorearen ikuspegiak ziklo-aldaketaren aurrean: Prezioaren defentsatik bolumenaren hazkundera” izeneko hitzaldia izan da, Kantar Worldpanel-eko Consumer Insights-eko zuzendaria den César Valencosoren eskutik. Ondoren, Jon Ander Egaña BASQUE FOOD CLUSTEReko zuzendariak moderatu duen eta euren jarduera-eremuetan lider diren hiru erakunde liderretako arduradunak bildu dituen  mahai-ingurua egin da: Rosa Carabel, Eroski Taldeko CEOa; Santiago Ortiz de Zárate, Ortiz Kontserben zuzendari nagusia; eta Juan Carlos Antolín, SEA Ostalaritzako presidentea. Jardunaldi profesionala Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak itxi du.

 

Ekitaldiari amaiera emateko, dagoeneko ohikoa den Erakusketa-Dastaketa egin da elkarteko kide diren enpresen produktu eta zerbitzuekin. Edizio honetan, elikagaien balio-kate osoko erakundeen 60 stand bildu dira.

Hauek izan dira erakusleak: ADESA, Quesos Aldanondo, Ama Brewery, Ameztoi Anaiak, AON, Aqua Vitae Cocktails, ARAEX, Norave, Bacalaos Alkorta, Café Baqué, Bobamar, Basque Culinary Center, Bidassoa – Mala Gissona, Biolan, Biribil Brothers, Casa Eceiza, Cianco, Conservas Ortiz, Delicass, Delikatetxe, Ederto, Eguren Ugarte, Elkolab, Bodegas Elosegi, Eroski, Bilboko Ostalaritzako Goi Eskola, Euskaber, Café Fortaleza, Frigolan, Garlan, Gelati Gelati, Giraldo, Frio Freire, Ilarre Management, Insalus, Iparlat – Natur All, Isauki Foods, Itsasmendi, KIDE, Kitu, Kroketak, Lasil, Lipigenia, Lukan Gourmet, Zumos Madari, Mérieux NutriSciences, Natra, Okin, Ostatu, STEF, Tknika, Udapa, EHU, Urkabe Benetan, Uvesco, Añanako Gatz Harana, Vrizzo, Xumuxua eta Yuït.

INTERESATZEN ZAIZU...