Euskadiko elikadura-kateko eta teknologiaren industriako eta ekipo-ondasunetako enpresek eta erakundeek bat egin dute elikadura-produktu fresko eta galkorren horniduran sortutako hondakinak murrizteko eta balorizatzeko teknologia berriak ikertzea eta aplikatzea bilatzen duen N0Waste proiektuan. Proiektu estrategiko horri esker, Euskadi funtsezko hornitzaile teknologikoa izango da nekazaritzako elikagaien sektorearen jasangarritasun ekonomikorako eta ingurumenerako, lehiakortasun- eta esportazio-mailak areagotuz.
N0Wasteren bitartez, elikagaiak ekoizteko prozesu jasangarriagoak, malguagoak eta zero akatsekoak garatu nahi dira, eta, horretarako, Adimen Artifiziala eta Big Data bezalako teknologiak erabiliko dira. Erantzun beharreko erronka sektorialen artean, produktuak kalterik jasan gabe produktu freskoaren barrualdea ebaluatzeko gaitasuna nabarmentzen da, Adimen Artifizialeko algoritmo aurreratuen bitartez, Deep Learning, besteak beste. Era berean, mota horretako produktuen zirkulartasun-maila handitu nahi da, ontzi birziklatu eta birziklagarrietarako materialak erabiliz, geruza bakarreko filmak, besteak beste
N0Wasteren beste erronka nagusietako bat produktu freskoek kontsumitzaileen aurrean duten gardentasun-maila handitzea izango da, eta, aldi berean, hotz-katearen eta banaketaren barruan “puntu beltzak” detektatzeko gaitasuna. Hori guztia trazabilitate unitarioari eta erabakiak IoT, Blockchain eta Adimen Artifizialaren bitartez hartzeari esker. Azkenik, elikadura-kateak (upciclyng ere esaten zaio) baztertu ohi duen hondakinaren balorizazioa bultzatuko da, purutasun handiko biohidrogenoa eta biometanoa sortuz.
N0Waste, RIS3 Euskadi Espezializazio Adimenduneko Estrategiaren eta Industria Adimendunari buruzko Euskadi 2030 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren barruan dago. Proiektuak Eusko Jaurlaritzaren finantzaketa du, HAZITEK 2022 programaren bitartez, sektore estrategikoetan industria-ikerketako eta garapen esperimentaleko proiektuen ildotik.
Enpresa eta erakunde parte-hartzaileen partzuergoa
Erronka horiei berme osoz aurre egiteko, elikadura-katea (ekoizleak eta banaketa), enpresa teknologikoak eta ekipo-ondasunak barne hartzen dituen partzuergo sektorial eta teknologikoa sortu da, Euskadiko funtsezko produkzio-sektoreen lurralde-kohesioa eta balio-proposamenak indartzeko.
Horrela, UDAPAk, Eusko Labeleko patata lantzen eta prozesatzen duen enpresak, eta EROSKIk, elikagaien banaketan lider eta euskal elikagaien sektorearen bultzatzaileak, gizarte-erantzukizunera eta produktu jasangarri eta osasungarrien aldeko apustura bideratutako ikerketa eta erakustaldiak bultzatuko dituzte intereseko inguruneetan, ekoizpen prozesuetatik hasi eta dendaraino.
Ikerketa eta soluzio teknologikoen hornitzaile gisa, N0Wastek diziplina anitzeko zenbait enpresa ditu. Enpresa horiek esparru digitaletik hasi (IZERTIS, SEGULA TECHNOLOGIES eta TECNIPESA), PLASTIGAURek egiten duen material berrien garapenetik igaro eta biogasa sortzeko soluzioen garatzaileetara heltzen dira, LOINTEK, ORLOGA eta ONDOAN, besteak beste. Azken horrek gidatuko du proiektua partzuergoaren bultzatzaile teknologiko gisa.
Bestalde, BARRENETXE barazki-ekoizleak eta HARAKAI URKAIKO abeltzaintza-kooperatibak –biak EROSKIren “zero kilometro” produktuen hornitzaileak– enpresa laguntzaile gisa hartuko dute parte. Biometanoa sortzeko hondakinak hornitzeaz eta trazabilitateari eta ontziei buruzko ikerketak balioztatzeaz arduratuko dira.
Zientzia eta Teknologiaren Euskal Saretik, N0Wastek TECNALIA du laguntzaile garapen digitalerako, material berrietarako eta biometanoa lortzeko, eta CEIT biogasa sortzeko. BASQUE FOOD CLUSTERek, euskal elikagaien sektoreko erreferentziazko bitartekaritza-eragilea den aldetik, emaitzak zabaltzen eta sektorera eta kontsumitzaileengana transferitzen lagunduko du.
Arazo globala eta tokikoa
Kalkuluen arabera, nekazaritzako elikagaien sektoreko hondakinak berotegi-efektuko gasen isurketa globalen % 8aren erantzuleak dira, eta horiek murriztea gaur egun dagoen erronkarik handienetakoa da. FAOren datuen arabera, elikagaien ekoizpenaren heren bat galdu egiten da merkatura iritsi aurretik, eta NBEk ezarritako Garapen Jasangarrirako 17 helburuetatik 6k zuzeneko lotura dute arazo horrekin.
Gure inguruan, euskal industriak elikagaien sektorerako teknologiak, materialak eta ekipamendu-ondasunak sortzen ditu, eta kulturaren eta ekonomiaren ikuspegietatik errotze handiko nekazaritzako elikadura eta banaketa-katea du. Zehazki, produktu freskoen eta galkorren kategoriaren barruan, kalitate eta balio erantsi handiko elikagaiak ekoizten dira, hondakinak sortzeko arrisku handiagoa izan dezakeen “zero kilometroko” produktu-estrategia barne.
Arrazoi horiek guztiak direla eta, estrategikoki beharrezkoa da nekazaritzako elikagaien kateak eta sektore teknologikoak hondakinak murrizteko eta balorizatzeko gai diren teknologien ikerketa bultzatzea, baita produktuak behin betiko elikagaien zirkuitutik kanpo geratzen direnean ere.